Egungoak
Euskal mitologian murgiltzeko Mitoka bilduma berria kaleratu du Ibaizabalek
Euskal mitologian murgiltzeko Mitoka bilduma berria kaleratu du Ibaizabalek
Yolanda Larreateguik idatzi eta June San Sebastianek ilustratutako ipuin bildumak Mari, Galtzagorriak eta Laminak dakartza, gure antzinako kondairak modu freskoan eta bisualean ezagutzeko.
Euskal mitologiaren unibertso aberatsean barneratzeko ate berri bat ireki du Ibaizabalek: Mitoka bilduma. Magiaz, abenturaz eta izaki harrigarriz betetako ipuin bilduma honek gure ondarea, kultura eta ahozko tradizioa ezagutzera gonbidatzen gaitu. 7 urtetik aurrerako irakurleentzat pentsatuta badago ere, adin tarte oso zabala hartzen du, eta aukera paregabea eskaintzen du bai bakarka irakurtzeko, bai familian partekatzeko eta baita oparitzeko ere.
Bilduma Yolanda Larreategui idazleak eta June San Sebastian ilustratzaileak ondu dute elkarlanean, testuak eta irudiak bat eginez istorioak osatzeko eta aberasteko. Udazken honetan argitaratu dira bildumako lehen hiru aleak:
- Mari mendi eta kobazuloetako jainkosa boteretsuaren eta misteriotsuaren kondaira.
- Galtzagorriak Peruren eta Marixeren bizimodua aldatuko duten izaki txiki eta langileen kontakizuna.
- Laminak artzain baten eta ahate oinak dituen lamina baten arteko maitasun istorio hunkigarria.
Liburuak 32 orrialdekoak dira eta koloretako ilustrazioz hornitutakoak. Bildumaren sorkuntza prozesuaren gakoak gertutik ezagutzeko, egileekin beraiekin solastu gara:
Yolanda Larreategui (Idazlea)
Ibaizabal. Antzinako kondairak gaurko irakurleentzat: Euskal mitologia oso aberatsa eta zabala da. Nola heldu diozu Mari, Galtzagorriak edo Laminak bezalako pertsonaia indartsuen istorioak 7 urtetik aurrerako haurrentzat modu fresko, ulergarri eta erakargarrian egokitzeko erronkari?
Ilusio handiz heldu diot, benetan. Euskal mitologia irudimenerako ate handia izanik, haurrentzako moldaketak egiteko oso aproposa da. Beti ere, errespetu handiz eta gure arbaso eta ikerlariek ahozko tradiziotik jasotako dokumentuetatik abiatuz, jakina. Lekuan lekuko kontakizunak daude, antzeko istorioak, baina denak daukate erro bera. Ipuin hauek idazteko, Aita Barandiaranek egindako lana izan dut oinarri eta sekulako aukera izan da niretzat. Oso pozik nago!
Ibaizabal. Familian partekatzeko kontakizunak: Bilduma lehen irakurleei begira sortua izan arren, adin tarte oso zabala hartzen du. Zure ustez, zer deskubrituko dute helduek eta haurrek liburu hauek etxean elkarrekin ozen irakurtzen dituztenean?
Belaunaldiak lotzeko balioko duela uste dut, baita ere geure-geurea den kulturan murgiltzeko; eta, nola ez, elkarrekin ikasteko. Baina, batez ere, eta hauxe da ederrena, irakurketarekin sortzen den magiaz gozatzeko balio izango dute ipuinok, irakurle-entzuleen artean halako lotura sendoa eta eztia sortzen baita. Helduoi ere gustatzen zaizkigu marrazkiak dituzten ipuinak, e! Eta Juneren ilustrazioak liluragarriak dira! Benetan xarmangarriak! Ezbairik gabe, altxor bat daukagu esku artean.
June San Sebastian (Ilustratzailea)
Ibaizabal. Mitologiari begirada propioa eta garaikidea: Gure iruditerian oso finkatuta daude Mariren dotorezia, laminen ahate oinak edo galtzagorrien izaera bihurria. Nola garatu duzu pertsonaia klasiko horiei nortasun berria, hurbila eta bisualki hain zaindua emateko sorkuntza prozesua?
Saiakera ugarien eta beste erreferente kultural eta bisualen emaitza organikoa dira ipuin hauek. Txikitatik jasotako istorioak eta marrazkiak abiapuntu hartuz, baina ekarpen berri bat egitea nahia nuen. Elementu, forma eta lerro bakoitza intentzioz beteta dago, arrazoi sendo edo arreta handiz eginikoa. Identifikagarriak diren elementuak pentsatzea beharrezkoa da, ezagutzen ditugun jantziak, forma bereziak, ulergarriak eta oroituak izango direnak, horregatik marraztearen atzean pentsatze eta birpentsatze lan handia dago.
Ibaizabal. Irudia testuaren lagun eta osagarri: Bilduma honetan ilustrazioek ez dute soilik testua laguntzen, istorioa osatu eta zabaldu ere egiten dute. Zein xehetasun bisual ezkutatu dituzu orrialdeetan adi begiratzen duten haurrek deskubritu ditzaten?
Natura bizirik dago, aldiro gauzak gertatzen ari dira nahiz eta gu ez ohartu. Arreta jartzerakoan ikusten ditugu gauza txiki horiek: inurri lerro bat janaria garraiatzen, txori bat kantari, intsektu biren arteko borroka… Ideia hori islatu nahi nuen: zer gertatzen da begira ez gaudenean? Beraz, horrelako elementu eta ekintza txikiak daude, egunerokoak: inurri ilera bat, zelatan dagoen hontza, janari bila dabiltzan animaliak, txori baten hegaldia… Eta baita fantastiko eta misteriotsuak: galtzagorriak zelatan, gauza ezberdinak bihurtu daitezken itzal eta forma ugari besteak beste. Marrazki hauetan xehetasun asko daude, baina arreta hori gure ingurunera eramanez gero, are eta gehiago aurkituko ditugu.
Sormena, irudimena, naturarekiko errespetua eta elkartasuna bezalako balioak ardatz hartuta, Mitoka bildumak belaunaldiz belaunaldi transmititutako istorioak biziberritu eta etxe guztietako apalategietara ekarri ditu. Ezagutu ditzagun gure sustraiak kondaira liluragarri hauen eskutik, eta jarrai dezagun elkarrekin ipuin bakoitzak pizten duen magiaz gozatuz; izan ere, halako istorioekin, inoiz baino gehiago: Irakurriz bizi!
Lotutako albisteak
Gehien irakurrita