Egungoak
Uda honetan, zabaldu liburuak eta askatu irudimena
Uda honetan, zabaldu liburuak eta askatu irudimena
Udako oporrak iritsi dira, eta horiekin batera, liburuen bidez abentura harrigarriak bizitzeko, unibertso berriak ezagutzeko eta lagun artean une zoragarriak igarotzeko astia. Ezagutu adin bakoitzerako proposamenik dibertigarrienak!
Uda eta oporrak aukera paregabea dira etxeko gazteenen artean irakurketarako zaletasuna pizteko. Liburuak eta albumak oporretako bidaia-lagunik onenak bihurtzen dira, irudimena astindu eta ondo pasatzeko ateak irekitzen dizkigutelako. Adinka antolatutako gure hautapen honekin, adin bakoitzeko irakurleek beren neurriko abenturak aurkituko dituzte:
3-6 urtetik aurrera
Dortoka haize kontra (Rachel Bright/Jim Field): Gau batez, hondartza ilunean, dortoka jaioberrien lehen lasterketa hastera doa. Lora dortokatxoak erabaki zail bat hartu beharko du: lasterketa irabazi ala atzean galduta geratu den Txiker anaia txikia salbatu. Ausardiari eta elkartasunari buruzko kontakizun hunkigarri eta ederra.
Sherlock Shator eta umore txarreko basurdea (Rocío Antón/Lola Núñez): Basoko animalien bizikidetza baketsua aztoratu denean, Sherlock Shator sator detektibe trebeak kasua argitu beharko du. Piktograma argi eta sinpleek asko errazten diete irakurketa.
Ali, Eli, Oli lehian (Maribel Aiertza/Irrimarra): Jolasten hasi orduko lehian hasten dira Ali eta Eli untxiak. Beti! Oraingoan, ordea, erronka berria dute: bizilagun dituzten ahateekin neurtuko dituzte indarrak. Lur gainean untxiak dira nagusi, baina... zer gertatuko da urmaelean? Han, Oli eta ahateak dabiltza harro. Untxiek ez dute busti nahi; beraz, zerbait asmatu beharko dute lehian jarraitzeko. Etxeko txikiekin irakurtzeko liburu ilustratu dibertigarria.
6-8 urtetik aurrera
Itsasoa edan dut (Leire Bilbao/Enrique Morente): Maddik ez daki zer aurkituko duen itsas hondoan, eta beldur apur bat ere badu... Baki al daiteke zerbait nolakoa den probatu gabe? Testu eder honen eta irudi bizien bidez, beldurrak gainditzeko eta aurkikuntza berriei aurre egiteko gonbita egiten digu liburu ilustratu xarmangarri honek.
Maindi Maitagarri bilduma (Javier Ruescas/Andrés Quinzaños): Maindik benetako maitagarri bihurtu nahi du eta proba bihurriak gainditu beharko ditu. Itzelezko sekretua azken nobedadean, basoko biziraupena arriskuan jarriko duen abentura biziko du.
Astrojokoak bilduma (Leo Bican/Pablo Broseta): Ezagutzen al duzu unibertso osoko kirolik ikusgarriena? Astrobol du izena: arau gutxi, amarru asko eta izarrarteko dibertsioa barra-barra! Harrikoskor galaxiako azken asteroidean bizitzea gogorra denez, Bicori eta lagunei Astrojokoetan parte hartzeko aukera emango zaie. Lingote jaunaren androide tranpatiei, Kretako zezen-estralurtarrei edo kaosaren zulo beltzeko momiei aurre egin beharko diete adiskidetasuna proban jartzeko.
10-12 urtetik aurrera
J. Smithen altxorra (Oihane Fernandez/Manu Ortega): Udako oporrak iritsi dira! Agur eskolari eta azterketei. Martxelek, Sarek, Peiok eta Olaiak bi hilabete luze dituzte aurretik institutura joan baino lehen. Baina antzinako pirata baten mezu misteriotsuak eta altxor baten promesak dena hankaz gora jarriko dute. Nor zen pirata hura? Lortuko ote dute altxorra aurkitzea? Uda ahaztezin baten hasiera!
Warren XIII.a trilogia (Tania del Rio/Will Staehle): Warren hotel ibiltari eta bitxi baten oinordeko gaztea da. Warren XIII.a eta hamahiru urteen madarikazioa, trilogiaren azken abenturan, Zirriborro lagun mina bahitu dute eta zurrumurru bat dabil: Warrenek hamahiru urteen madarikazioa jaso duela! Piraten kodez, igarkizunez eta itsaso zabaleko abenturaz betetako liburua.
12-14 urtetik aurrera
Banpiroen hiria (Aitor Arana): Europako ospitale psikiatriko batean gaude. Han sartu dute Selene, bere burua banpirotzat jotzen duen neska gaztea. Selene ez da ezertaz gogoratzen, ez nor den, ez nongoa den... Baina oso argi dauka banpiroa dela, egun argitan inongo arazorik gabe ibil daitekeen arren. Identitatea eta barne-mundua aztertzen dituen intriga eta suspensezko eleberria.
Shan eta Shen edo bidean ikasia (Xabier Olaso): Tibeteko monastegi batean bizi da Shan maisu jakintsua. Gau ilun batean, Shen hamabi urteko mutiko umezurtza iritsiko da bertara. Hainbat egunez, zedro tantai baten abaroan elkartuko dira maisua eta dizipulua. Elkarrekin ibiliko dituzten bideak eta pentsamenduak izango dira beren ikasbiderik onena. Balioetan sakontzeko narrazio hunkigarria.
Gozatu uda honetan istorio hauetako bakoitzarekin, bizi abentura ahaztezinak orrialdez orrialde eta gogoratu... Irakurriz bizi!
Lotutako albisteak
Gehien irakurrita