Egungoak

Ibaizabal beste urte batez Durangoko Azokan literaturaz, jakintzaz eta abenturaz blai!

Ibaizabal beste urte batez Durangoko Azokan literaturaz, jakintzaz eta abenturaz blai!

Abenduaren 5etik 8ra Haur eta Gazte Literatura presente egongo dira Durangoko Azokan ipuinez, kolorez, abenturaz, literaturaz, fantasiaz eta istorio zoragarriz beteta Ibaizabalen eskutik.

Img_principal_AZOKA
Literatura 28 Azaroa 2025

Ibaizabal argitaletxean 1990etik parte hartzen dugu Durangoko Azokan, eta ohikoa den moduan, urtean zehar argitaratutako Haur eta Gazte Literaturako nobedadeekin joango gara aurten ere. Aurtengo 60. edizioan, Artekale 01-08 standetan topatuko gaituzu, abenduaren 5etik 8ra.

Aurten literaturako 60 nobedade argitaratu ditugu askotariko pertsonaiekin:
frutak eta barazkiak, untxi lehiakorrak, dinosauroak, detektibe trebeak, iratxoak, otso basatiak, sirenak... abenturei umorez eta ausardiaz aurre egiten dietenak.

Ezagutu nahi dituzu pertsonaia erakargarri horietako batzuk? Esate baterako, Anartz, Julitxu Pinkerton edo Ali eta Eli.

Anartz gaztetxoa familiarekin bere urtebetetzea ospatzen ari da, eta a zer nahaste-borrastea  sortuko den ospakizunean! Asmatuko al dute Anartzek benetan nahi dituen opariekin? Urtebetetze zalapartatsua liburuan ezagutuko duzue.

Herriko umeak oso kezkatuta daude esne hortzak lapurtu dizkietelako eta Maritxu Teilatukoren oparirik gabe geratu dira. Egoera argitzeko Julitxu Pinkerton detektibearengana joango dira laguntza eske.
Karagan aztiak sekulako eta betiko bizitzeko edabe magikoa prestatu nahi du mundua gobernatzeko, eta errezeta osatzeko esne hortzak behar ditu… A zer kasu interesgarria daukan Julitxu Pinkerton detektibeak argitzeko esku artean! 
Hortz bat edo beste kili-kolo duzu...? Kontuz ibili gero! Pinkerton detektibea eta Karagan aztia irakurri eta gero, jakingo duzu nola jokatu.

Ali eta Eli untxitxoak jolasten hasi orduko lehian hasten dira. Gaur, Oli eta familiako beste ahatetxoekin pasatuko dute eguna. Lur gainean untxiak nagusi, baina urmaelean ahateak errege... Ikasiko ote dute lehiak alde batera utzi eta elkarrekin jolastuz ongi pasatzen?
Zu ere gonbidatuta zaude Ali, Eli eta Oli lehian kontakizuneko pertsonaia erakargarri, koloretsu eta xamurrekin eguna pasatzera!

Album eta liburu bilduma horiek ezagutzeaz gain, azokan abentura eder horien idazleak ezagutzeko aukera ere izango duzu, honako egun hauetan liburuak sinatzen izango baitira: Aitor Arana, Maribel Aiertza eta Yolanda Larreategui Duralde.

Ibaizabalekin Irakurriz bizi! Durangoko Azokan.