Ta-tum: Irakurgai eta abentura berriak!

Noiz argitaratua 2022/04/03

Beste behin ere, irakurketaz gozatzen hasten direnentzat Ta-tum plataforman proposamen berriak gehitu ditugu. Alde batetik, Paper Txoriak Sail Gorriko liburua: Tomas eta guraize magikoak. Eta bestetik, Matxinsalto bildumako bost liburu berri. Bertan irakurleek fantasia eta abentura aurkituko dute, baina baita eguneroko bizitzako kontuak ere: lagunen garrantzia, eskola jazarpena edo bullyinga, adiskidetasuna…
 
Proposamen berriak: irakurleei irakurketaz gozatzen lagunduko dieten liburuak!
 
Paper Txoriak bilduma Sail Gorria: Tomas eta guraize magikoak
 
Tomas, egurrezko panpinak, benetan atsegin du bere lagunekin egotea; pilotarekin, panpinarekin eta trenarekin. Ia egun osoa elkarrekin pasatzen dute eta etengabe jolasean aritzen dira. Horregatik, horietako bik bidaia bat egitea erabakitzen dutenean, Tomasek gauza beri batzuk ikasi behar ditu.
 
Matxinsalto: Haizeak hitz, hitzak haize.
 
Ba al dakizue nola sortu ziren lehenengo belartxoak? Eta lehenengo zuhaitzak? Eta aurren-aurreneko xomorroak? Eta animalia handiagoak? Ba al dakizue nondik gatozen? Nola sortu zen mundua?
Ireki lehenbailehen liburu hau, eta Sorgintxok erantzungo die galdera hauei guztiei. Hasi ozen irakurtzen, errezitatuz, beste guztiok ere jakin dezagun, haizeak Sorgintxori kontatutako historia harrigarria.
 
Matxinsalto: Euskaldun bat Marten.
 
Arratsalde baketsu batean, soinu berezi bat entzun zen Zarauzko Santa Barbara mendian, eta geroxeago argi distiratsu itsugarri bat jaitsi zen ortzitik mendi gainera. Horrelaxe heldu ziren martetarrak Euskal Herrira ovni batean. Euskaldun bat eraman nahi zuten Martera.
 
Matxinsalto: Bakarnek ez du lagunik.
 
Bakarnek ia denetarik dauka: gela bat berarentzat bakarrik, aita, ama, bi amona, hiru izeba, Edurne izeneko andereñoa… Baina ez hori bakarrik: bizikleta, irristailua, MP4a eta ikaragarri maite duen eta zaunkarik egiten ez duen Laika izeneko txakur bat ere badauzka. Hala ere, udako oporrak heltzen direnean oso bakarrik sentitzen da. Zergatik ote?
 
Matxinsalto: Baloiak arboletan.
 
Zergatik dago eskolako ate beltza beti itxita? Bai, bai, idazkaritza aurrean dagoena. Behin Jonek irekita ikusi zuen eta, haren atzean, eskailera batzuk aurkitu zituen. Eskailerak jaisten ari zela, irristatu, erori eta baso berezi batean amaitu zuen. Baso hartako arbolen adarretan baloiak zeuden zintzilik! Jonek, bertan, Potzol dragoia eta Bittor adarbakarra ezagutu zituen. Zaldun Moreak, ordea, hirurak bahitu zituen. Eta, mesedez, ez galdetu Zaldun Morea nor den, maltzur horren izena aipatzeak ere beldurra ematen dit eta.
 
Matxinsalto: Momolo.
 
Kontuz, irakurle! Ipuin hau ez dugu idatzi zuri ideia bihurriak emateko, gero. Ez horixe!
Beraz, zuk ez egin horrelakorik, oso, oso, oso beharrezkoa ez bada, behintzat.