- Ezagutu gaitzazu
- Liburuak
- Ikasmaterial elkarreragilea
- Gomendatzen dizuguna
- Irakasleen gunea
- Idazleekin topaketak
- Irakurriz Bizi! proiektua
- ta-tum LITERATURA

Bapo Jauna, errinozero more txikia
Noiz argitaratua 2021/01/15
Claudia Ranuccik eta David Fernández Sifres-ek Bapo Jauna bilduma aurkezten digute, Ibaizabalen eskutik. Hartako protagonistak animalia atsegin batzuk dira; errinozero bat da guztietan buru, errinozero kutuna.

Liburuak 0 eta 3 urte bitarteko umeei zuzentzen zaizkie, eta beraientzat daude zehazki diseinatuta, formatu txikian, kartoizko orrialde zabalgarri lodiekin; testua letra larriz dator eta irudi barregarriak dituzte.
Baina Bapo Jauna errinozeroaren liburuen gauzarik bitxiena orrialde bikoitz bakoitzean erabiltzen diren ekibokoak dira; haiek eskuineko orriak zabaltzean ebazten dira. Ezer ez da dirudiena! Zabalgarri bakoitzak sorpresa bat du ezkutuan, eta irakurleei biziki gustatuko zaie.
Bilduma bi liburu dibertigarriekin hasten da. Lehoi bat ote da? liburuan, Bapo Jaunak ate aurrean lehoi baten buztan luzearen antzeko zerbait ikusi du. Nahiz eta animalia basati horiek izutu egiten duten, jakin-minak bultzatuta aurrera egiten du, orrialdetik orrialdera, harik eta buztanaren amaieran ezkutatzen dena ikusi arte. Txantxa liburuan, errinozero txikiak Lali lagunari sinetsarazten dio masailean zerbait duela. Jirafa gaixoa beldurti samarra da, eta gauza oso arraroak datozkio burura. Armiarma izango al da? Orbana? Beldarra?... Baina imajinatzen duena baino gozoagoa da.

Claudia Ranucci irudien sortzailea da eta David Fernández Sifres, testuen egilea; bilduma atsegin honen egileak dira. Beraiek diotenez, Bapo Jauna errinozero morea, piporra, bromazalea baina bihotz onekoa da. Gainera, oso jakingura da, eta marraztea du gogoko. Bere etxeak lorategia du, eta gogoko du leihoetan landaretxoak landatzea. Laliz gainera, beste hainbat lagun ditu, besteak beste: Tilo krokodiloa, Mela igela, Xaxa panda eta zenbait habitateko beste batzuk.
Davidek Bapo Jauna izen bitxiaren jatorria argitzen digu. Izen desberdina eta ume oso txikientzat ahoskatzeko erraza den izena bilatzen ari nintzen. Gakoa familiako alaba gazteenak eman zion. «Alaba txikiak gorroto du pixohiala aldatzea», esan digu. «Kexatu egiten da, etengabe, eta, amaitzen dugunean, begiratu egiten gaitu eta, poztasun handiz eta irribarre handi batez, zera esaten digu: “Bapo!". Eta Dianaren “Bapo!” hori, poztasuna transmititzeaz gainera, gure errinozeroarentzako izen aproposa zela iruditu zitzaidan», esan du.
Bapo Jauna bilduma etxeko txikienei zuzentzen zaie. Oso liburu jolasgarriak dira, Daviden bi seme nagusiek deskribatzen duten bezala. «Istorio dibertigarriak eta, aldi berean, atseginak egin nahi izan ditugu. Orrialde bakoitzean sorpresa bat dago, eta hura zabaltzean ikusten da. Amaiera umeekin dauden eta liburua lehen aldiz irakurtzen duten helduei ere deigarria gerta dakieke», esan du testuaren egileak. «Beti zerbait edo egoera ezagun bat ikusten ari garela dirudi, baina hegala irekitzean… dena aldatzen da!», esan du irudigileak.
Lanak garatu bitartean, etengabeko harremana dute euren artean eta Celia Turrión editorearekin. Davidi bururatzen zaio istorio bakoitzaren argudio orokorra, eta berak azaltzen die lankideei. Proposamena onetsi ondoren, liburu bakoitzak dituen hamar eszenetan lanean hasten dira; horretarako, «bildutako orrialdean zer ikusi behar den zehazten dugu, zer bilakatu behar den hura zabaltzean eta zer testu izan behar duen», esan du. «Normalean, metroan noan bitartean, Davidek deitu egiten nau, eta pentsatzen egon dena kontatzen dit, beti gogo biziz.Nire aldetik, marrazten eseri eta berak imajinatzen dituen egoerak praktikan jar ote daitezkeen ikusi behar dut», dio Claudiak.
Gero, baterako lanaren zati handiena hasten da. Zer eszenak balio duten eta zeinek ez berrikusten dugu eta ea ilustrazioaren bidez isla ote daitezkeen. Prozesuan, batzuetan aurretik aurreikusten ez ziren irtenbideak sortzen dira. Claudiak proiektuaren malgutasuna azpimarratzen du; horrek aukera ematen die istorioa moldatzeko, marrazkien arabera, eta aberasteko xehetasun txikiak gehitzeko. Keinu horietako bat Txantxa liburuaren lehen orrialde bikoitzean dugu; hartan, hiru koadro ikusten dira Lali jirafaren etxean. «Nire hiru seme-alaben marrazkiak dira; haietako batean, bakoitzaren inizialak ere ageri dira», dio Davidek. Claudiaren alabak ere, 10 urtekoak, arrastoa utzi du liburuetan. «Egiten dudanari buruzko iritzia ematen du: pertsonaia hankamotz dagoen edo islatzen ari naizen ideiak funtzionatzen duen ohartrazten dit.Eta hala sortu zen Xaxa pandaren ideia, tagliatelleak jaten Lehoi bat ote da? liburuan. Dieci peluxe kutunari (dagoeneko ile guztia galduta du) eginiko omenaldia da», dio irudigileak. Neskatoa Txantxa liburuan Bapo Jaunaren katiluan ageri den bihotz txiki eta zoriontsuaren egile materiala ere bada.

David Fernández Sifres: «Leongoa naiz; 44 urte ditut, eta Zuzenbidean lizentziatua naiz. Trafikoko Teknikarien Goi-mailako Eskalako funtzionarioa naiz; hori dut ogibide. Idaztea zaletasun dut; hiru seme-alaba txikien loaldiak aprobetxatzen ditut idazteko. Gustuagatik egiteak ez du esan nahi erraza denik, jakina; oso gogoko dut idaztea, eta ez zait ardura orduak eta orduak ematea astialdian eta oporretan. Bidaiatzea da nire zaletasunik gogokoena, eta argi dut bidaiatzeak pertsona hobea egiten dizula, eta bidaiatzen gastatutako dirua inbertsioa dela. Baita irakurtzea ere. Asmatzen dudana beste pertsona batzuei heltzen zaiela jakitea eta hunkitu edo irribarrea atera edo beldurtu egiten dituela edo, besterik gabe, gozarazten dutela jakitea sentipen harrigarria da».

Argazkia: Daniel Ortuño Pérez
Claudia Ranucci: «Erroman jaio nintzen, baina Madrilen bizi naiz, 1997. urtetik. Diseinua eta Ilustrazioa ikasi nuen Urbinoko Arte Industrietarako Goi-mailako Institutuan (ISIA). Umetatik, argi izan nuen marraztu nahi nuela; beraz, pazientzia eta irmotasuna garatu, eta nire bidearen bila abiarazi nintzen. Astialdietan, osabari laguntzen nion ezkongaientzako arropak egiten, eta lagun batzuei, ebanisteria tailerrean. Esperientzia horietatik eskuzko lanagatiko maitasun berezia garatu dut, baita esku geldiezinen aukera infinituak ezagutzeko jakin-mina ere. Beti ari naiz zerbait egiten edo nola egin pentsatzen; oso gutxitan aspertzen naiz, eta, irudigile guztiek bezala, katua dut».
Claudia Ranucci eta David Fernández Sifres Ibaizabaleko ohiko egile dira; hala ere, hau da proiektu berean elkarlanean diharduten lehen aldia. Biek uste dute esperientzia oso positiboa dela. «Dibertigarria eta bizigarria izaten ari da, espero nuen bezala», dio Claudiak. «Edelvives-en sari banaketa batean ezagutu genuen elkar, eta berehala elkarrekin ongi moldatu ginela esango nuke», esan du. Bere ustez, elkarrenganako konfiantza eta errespetu harremanak zorioneko eragina du amaierako emaitzan. «Hirurok ezagutzen genuen elkar aurretik, nahiz eta elkarrekin sekula lan egin ez», esan du Davidek; Davidek Celia Turrión editorea ere sartzen du taldean. Hirurok proiektuarekin dugun konpromisoak beti zabalik dagoen komunikazio kanala sortu du. «Batzuetan, edozein ordutan deitzen diogu elkarri, baita asteburuetan ere, punturen bat komentatu edo burura etorri zaigun ideiaren bat azaltzeko», esan du egileak. «Gogoratzen du Txantxa liburuaren amaierarako ez genuela aurkitzen nola adierazi irudi bidez kontatu nahi genuena.Gauean bururatu zitzaidan nola, eta gero ez nintzen gai izan lokartzeko.Esnatu eta berehala, larunbata izango zen beharbada, telefono deia egin nuen:“uste dut badaukadala!”», esan du.
Orain arte Davidek ez du sekula 0 eta 3 urte bitarteko umeentzat ezer idatzi. «Gogo bizia nuen adin tarte horrentzako istorioak asmatzeko.Hiru seme-alaba ditut, eta nagusi biei ezin izan nien nire lanik irakurri txikiak zirenean.Pena hori nuen eta, beraz, argitaletxeak proposamena egin zidanean, oso argi izan nuen; izan ere, nire alaba txikiarekin sasoi iristeko aukera ikusi nuen», azaldu du. Proiektu horren ondoren, berretsi egiten du irakurlea zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta zailagoa dela berarentzat idaztea. «Bapo Jaunaren liburuek esaldi gutxi dituzte, baina ez nuen sekula pentsatu istorio bakoitzaren diseinuak hainbat denbora eskatuko lidakeenik, egia esan», esan du.
Bi egileek ahalegina egin dute bolumen bakoitza oso desberdina izateko, bai egituraren aldetik bai testuaren aldetik (bata errimatua da eta bestea ez). Era berean, amaierak helduarentzat agerikoak ez izateko ahalegina egin dute, bai eta liburuetan bigarren mailako istorio bat egoteko ere. «Oso zaila dena, baina oso atsegina», esan du Davidek, amaitzeko.
Claudiaren iritziz, bere alde sortzailea atsegina izan da. «Niretzat nahiko ohikoa izaten da zenbait adinetako irakurleen erronkari aurre egitea.Nire lanaren alderdi motibagarrienetako bat da, konfort zonatik irtetera behartzen zaituen bultzadatxoa da.Irakurle hain txikientzat irudiztatzeak samurtasuna, nolabaiteko umore zintzoa eta pertsonaien adierazkortasunarekiko arreta berezia piztarazten dizkit», esan du. Ez du uste liburu horien irakurleen adin txikia muga bat denik, guztiz kontrakoa baizik: «Publiko garbia da, aurreiritzirik gabea.Hori luxu bat da!».
Claudia eta David bildumaren beste bi liburutan ari dira lanean, dagoeneko. «Nik Bapo Jauna idazmahaitik daukat paseoan egun osoa», esan du irudigileak. Davidek errinozero more txikiaren hurrengo abenturaren zertzelada batzuk eman dizkigu: «Bapo Jauna ihes egin dion golf pilota baten atzetik joango da, eta bidaia horrek mendi gailur batetik itsas hondora eramango du», esan digu, eta, amaitzeko: «Oso pozik gaude istorio honekin».