X

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu. Nabigatzen jarraituta Cookieak erabiltzeko gure politika onartuko duzu. Ados nago

Harreman osasungarri baten balioa ezagutzeko liburua

Noiz argitaratua 2021/11/17

Ibaizabal argitaletxeak 14 urtetik gorako irakurleentzat
Ekin bildumako liburu berria aurkeztu du.
 
  • Ibaizabalek Antton Kazabonen ipuin berria argitaratu du:“Ezberdina bezain gozoa”
 
  • Liburuak azaltzen duenez, ikasi beharra dago emozioek nola baldintzatzen dituzten gure ikuspegiak eta gure jarrerak, lagunek nolako garrantzia duten edo harreman toxikoak identifikatzea zer garrantzitsua den.
 
  • Liburuaren bidez ikusiko dugu harreman osasungarri batean entzun, errespetatu eta balioetsi egiten gaituztela sentitzen dugula.
 
 
Durango, 2021eko azaroa. Ibaizabalek handitu egin du hamalau urtetik aurrerakoentzako Ekin bilduma, eta “Ezberdina bezain gozoa” liburua aurkeztu du.
 
Liburua Euskal Herriko herri batean girotzen da, eta bikote gazte baten maitasun harremana azaltzen du, zenbait ikuspuntutatik. Istorioak maitasunaren munduan lehen urratsak nolakoak izaten diren kontatzen digu.
 
Maitasun kontuak zirrarek koloreztatzen dituzte beti, arriskuz beterik izaten dira, labainkorrak izaten dira eta kontraesanez beteak egoten dira, baina, batik bat, sentimendu eta emozioez josita egoten dira. Maitasunak harrapatzen gaituenean, eromen ufada bat izaten dugu eta, askotan, erabat itsutzen gara, galdu egiten gara. Horregatik esan dugu dela arriskutsua, labainkorra.
 
Maiteminak itsutzen gaituenean, ez gara errealitateaz ohartzeko gai. Eta batzuetan ikusten ez dugun errealitate horrek galbidea ekar diezaguke. Eskerrak gehienetan lagunak izaten ditugula edo benetan maite gaituen norbait, hondamen horretatik berandu baino lehen erreskatatzeko.
 
Istorioak autoestimua, zoriontasuna eta protagonistak munduan duen jarrera kutsatzen dituen harreman toxiko batez hitz egiten digu. Baina argi uzten digu, halaber, harreman osasungarri edo on bat izaten dela bi kideek beren interesak, zaletasunak, jakin-min kulturalak eta abar babesten dituztenean. Dantza erlazionalak indartu egin behar gaitu, tristezia baino poztasun gehiago eragin, ahultasun baino indar gehiago, ondoez baino ongizate gehiago. Lasai gaudela sentiarazi behar digu, exijentziarik, tentsiorik eta beldurrik gabe; entzuten, errespetatzen eta balioesten gaituztela sentiarazi behar digu.
 
Kontakizunak agerian jartzen digu emozioek gure ikuspuntu eta jarrerak nola baldintzatzen dituzten ikasi behar dugula. Halaber, lagunek nolako garrantzia duten eta izan ditzakegun harreman toxikoak identifikatzea zer garrantzitsua den nabarmentzen du.
 
Lan honen bidez, zenbait gaitan sakonduko dugu, besteak beste: autoestimua, autonomia, emozioen ulermena, nork bere burua gainditzea, adiskidetasuna eta maitasuna.
 
Antton Kazabon egileak honako lan hauek argitaratu ditu Ibaizabalen: Zipriztin berriak (Oker, 10), Momolo (Matxinsalto, 14), Ttantto (Matxinsalto, 35), Elurretako leopardoaren bila (Matxinsalto, 40), Manta belaunetan (Gaztetxo!, 22), Haizearen izena (Ekin, 41), Maitez eta minez (Ekin, 32), Isilik kantatzeko (Ekin, 35), Gixela nire laguna da (Txirrista, 8) eta Kantu bat Alikarentzat (Ekin, 46).
 
Ibaizabalek udazkenean ere harrituko zaitu!

Honekin zerikusia duten dokumentuak