Tximeleta gozoak eta goxoki ederrak

Noiz argitaratua 2023/01/23

Ibaizabal argitaletxeak 8 urtetik gorako irakurleentzat
Matxinsalto bildumako liburu berria aurkeztu du.
 
  • Ibaizabalek Nahikari Gailondo eta Maitane Bautistaren ipuin berria argitaratu du: “Tximeletak eta goxokiak”

 

  • Bi kontakizun, bata bestearekiko ezberdina, bizikidetza eta errespetua garatzeko paregabeak.

 

  • Irudimena eta enpatia, umorea eta jakingura, hainbat dira lantzen diren balio eta arloak, eta ilustrazio zein testu eder bezain esanguratsuekin islatuak.

 

Durango, 2022ko urria. Ibaizabalek handitu egin du 8 urtetik aurrerakoentzako Matxinsalto bilduma, eta “Tximeletak eta goxokiak” liburua aurkeztu du.
 
Kimu hipopotamo txikia beti ibiltzen zen tximeleten atzetik saltoka, eta lagunek uretara jolastera gonbidatzen zutenean, Kimuk beti ezetz. Tximeletak gero eta ugariagoak izan arren, Kimu pozik beharrean triste zegoen, izan ere igeri egiten ikasi nahi zuen, bere lagunek eta familiak bezala. Kimuk nahiko triste egoten jarraituko du, sekretu txiki bat deskubritzen duen arte… Sekretua zein den jakin nahi?
 
Bigarren istorioko protagonista Mattin da. Mattinek jertse magiko bat du, zorte ona ematen diona, bai barraskilo lasterketetan, baita hainbat eta hainbat egoeratan ere. Xabatek ordea ez du Mattinen jertseak duen kolorea gustuko eta beti bera zirikatzen ibiltzen dabil: “kolore arrosa neskentzako da, beraz ezin duzu gurekin futbolean aritu”. Azkenean Mattinek egoerari buelta ematea lortuko du, izan ere Xabat mutil eta nesken arteko ezberdintasunetan zentratzen den bitartean, Mattinek gauza oso garrantzitsu bat ikasiko du: neska edo mutil, denok gara berdinak eta gustuko ditugun koloreak aukeratzeko aske.
 
Umorearen bitartez, guretzako sekulako arazo edo traba diren gaiak asko leundu daitezke, eta guretzako ere arazo izateari utzi, gure bereizgarri bihurtzeko. Eta hori da Kimu gazteak sentitzen duena. Askok iseka egiten diote ez omen dakielako igerian, baina, istorioaren bukaeran, hipopotamoek igerian ez dakitela deskubrituko du, eta sentsazio hori gorrotatzetik, hura errespetatu eta gozatzera pasako. Gure bizitzarekiko metafora eder batez gain, honek irakurle gaztetxoak haien beldur eta sentsazio negatiboen inguruan pentsaraziko ditu.
 
Bigarren kontakizunak gai ezberdinak lantzen ditu, adibidez eskola jazarpena, genero berdintasuna, lagunartekotasuna, eta abar. Hala ere, eta bi kontakizun hauetako protagonistak ezberdinak izan arren, bukaeran biak sentituko dira antzera, hau da, hasieran arazoa zena, bukaeran haien bertute bilakatuko da.
 
Beraz, norberaren dohainak aurkitzearen metaforak dira istorio hauek, askotan, gure potentziala eta bertuteak bilatzeko, aurretik bidea egin behar ela erakutsiko digutenak, izan ere zerbait nahi duenak, horren alde lehiatu behar du.
 
NAHIKARI GABILONDO Zarautzen jaio zen, 1978an. Erizaintzako ikasketak egin zituen Donostian, baina itzultzailea da lanbidez, eta bertsolaria, zaletasunez. Umetatik gustatu izan zaio irakurtzea, idaztea eta hitzekin jolas egitea, eta, jolas horretan zebilela, ia oharkabean idatzi du Tximeletak eta gozokiak, bere lehen liburua.
MAITANE BAUTISTA freelance ilustratzailea da; haur ilustrazioan dago espezializatuta. Mungian duen estudioan lan egiten du, eta denbora gehiena haur eta gazteentzako kontakizunak eta pertsonaiak diseinatzen eta ilustratzen ematen du. Kolore biziek eta bitarteko analogikoek (pastelak eta gouachea) bultzatzen dute, baina tresna digitalak ere konbinatzen ditu giro lasaiak, sinpleak eta dibertigarriak sortzeko. Egin dituen proiektuen artean nabarmentzekoa da Olentzero Ipuinen herrialdean haurrentzako ipuinaren ilustratzaile gisa egindako lana.

Honekin zerikusia duten dokumentuak