X

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu. Nabigatzen jarraituta Cookieak erabiltzeko gure politika onartuko duzu. Ados nago

Peru Abarka Lehiaketa 2015: albumaren aurkezpena

Noiz argitaratua 2015/10/30

Betiko atzo? Leire Aranoren hitzez eta Belén Lucasen irudiez sortutako albuma da. Haiekin elkartu ginen urriaren 23ko ostiralean, arratsaldeko 20:00etan, Markina-Xemeingo udaletxean, hamargarren edizioko album irabazlea aurkez ziezaguten.
 
Paperaz haratago joan, eta autoreen sortze-prozesua ezagutzeko aukera aparta izan genuen, non aurkitu duten inspirazioa, zein oztopoei egin behar izan dieten aurre, zer sentitu duten, zerk bultzatu dituen obra horren sorkuntzara... zerk hurbildu dituen gurera.
 
Pertsonaiaren eta bere koloreen inguruan aritu zitzaizkigun: ez aberatsa, ez txiroa; ez itsusia, ez ederra; ez gizonezko, ez emakumezko...
 
Epaimahaiak Leireren testuari buruzko iritzia agertu zuen...
Betiko atzo? laneko pertsonaia oso berezia da, hasieratik harrapatzen zaituena, baina, gainera, intriga edo jakin-mina pizten duen zerbait duena. Egitura biribila dauka lanak, oso ondo egitaratuta dago eta egitura biribil hori doa pertsonaia horren egunaren gurpilaren barruan. Idazkera aldetik oso dotorea da, oso ondo idatzita dago, esaldiek erritmoa daukate eta hizkuntza landua eta ederra erabiltzen ditu Leire Aranok”.
 
 ... bai eta Belénen irudiei buruzkoa ere:
“Testua detaile askorekin aberastu du, oso lan biribila da bere proposamena eta koloreak, testurak eta orrialdeak konposatzerako orduan ere asko arriskatu du. Pertsonaia nagusiak eta eszenak inspiratzaileak dira eta testuak iradokitako interpretazioekin bat datoz”.
 
Aurtengo edizioan idatzizko 19 lan aurkeztu dira, 2014an baino 5 gehiago, bai eta ilustraziozko 9 lan ere; lan guzti horien egileei, esker mila. Ez etsi, sortzen eta zuen lanak aurkezten jarraitu, 2016ko Peru Abarka Lehiaketan izango gaituzue zain.
 
Eskerrik asko autore irabazleei lehiaketa honen parte izateagatik eta sortu duzuen altxor hori eskaintzeagatik; eskerrak eman nahi genizkieke ere Peru Abarka Album Lehiaketako antolatzaile guztiei, haiek egiten baitute posible sormen guzti horren gauzatzea.
 
Azkenik, eskerrik asko albumaren aurkezpenera gerturatutako guztiei; eta hurbiltzea posible izan ez bazenuen, hurrengorako zure zain gaituzu.
 
Intereseko LINKAK: Argazki, bideo edo informazio gehiago nahi baduzu: