X

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu. Nabigatzen jarraituta Cookieak erabiltzeko gure politika onartuko duzu. Ados nago

Liburu ilustratua: begiratzeko, irakurtzeko eta gozatzeko lana

Noiz argitaratua 2013/12/18

  • Liburu ilustratuekiko jakin-minak nabarmen egin du gora; hain zuzen ere, Ibaizabalek dio “liburu ilustratuaren unibertso zabaleko zati handiena harritzen eta liluratzen duen altxor bihurtu da”.
 
  • “Umea edaten duen esponja bat da, ikasi, jolastu eta bere emozioak kudeatzeko gai izan nahi duena; liburuak erantzunak eta ezagutza aurkitzeko toki egokienak izan daitezke”, adierazi du Eukene Herrerak, Ibaizabal argitaletxeko Haur eta Gazte Literaturako koordinatzaileak.
 
  • Ibaizabal argitaletxeak ospe handia lortu duten bi nobedade aurkeztu ditu.
 
 
Bilbon, 2013ko abenduan. Ibaizabalek euskaraz idatzitako liburu ilustratuen alde egiten du apustu, eta 2 nobedade aurkezten ditu: "Swinging Christmas" eta "Printzesa eta ilartxoa".
 
Swinging Christmas gaur egungo ipuin bat da, begientzat eta belarrientzat izugarri pozgarria. Bere testuak eta ilustrazioak Benjamin Lacombe ospetsuaren lanak dira. Liburua Olivia Ruiz & The Red Star Orchestraren bost abestiko CD batekin dator.
Elurra ari du eta Gabonak laster helduko dira. Robinek bederatzi urte ditu, eta laster hamar urte beteko ditu.Zokogaldubazterra herrian bizi da; herria muinoen artean galduta dago, eta bertan inoiz ez da ezer gertatzen. Robinek izen hori eman dio herriari, hain dago hutsik, hain da tristea. Baina Robin jakin-nahia da eta inoiz ez da aspertzen. Soil-soilik batzuetan, ikastetxean; bertan «bihurrikerien erregea» esaten diote guztiek. Egun batean, Bernard zaharra ezagutzen du; zaharrak irakurtzen eta jazz musikaz gozatzen irakasten dio, eta desamodio baten istorio tristea kontatzen dio.
 
Printzesa eta ilartxoa H. C. Andersenen ipuin tradizionalean oinarritzen den eta Miss Clarak ilustratu duen liburu ederra da. Gizon gazte batek benetako printzesa bat aurkitu nahi du harekin ezkontzeko, baina munduan barrena asko ibiliagatik ere, badirudi inor ez zaiola egokia iruditzen ezkontzeko. Baina halako egun batean, ekaitzak blaitutako neska bat agertzen da mutilaren jauregian, eta benetako printzesa dela azaltzen du. Haren manera onek esan duena egia dela pentsarazten diote mutilari, baina erreginak bere kontura egiaztatzea erabakitzen du. Horretarako, ilartxo bat jartzen du neskaren oheko hogei lastairen azpian. Hurrengo goizean, neskak dio gau txarra pasatu duela, eta horrek printzesa benetakoa dela frogatzen du, eta ezkontza egiten da.
 
 
Albumak
 
Albuma irakurle guztiei zuzendutako liburua da; bertan, ilustrazioak testuarekin bat egiten du oreka eta harmonia ezin hobean: idazleak asko esaten du hitz gutxirekin eta ilustratzaileak testuak ez diona adierazten du, ezohikoa den zerbait eransten du irudiarekin irakurleak hitzetatik haratago dagoena uler dezan. Album batek istorioak edo emozioak edo sentimenduak konta ditzake... esploratzeko eta sentitzeko liburu bat da... baita ere ikusteko eta berarekin gozatzeko.
 
Albuma estetika, forma eta eduki tematiko ugariko generoa da. Askotariko tematika dauka: albumak olerkien testuekin, testu deskriptiboekin, katalogo bat bezala, jolas eta narrazioetako testuekin egin daitezke. Osatzen duten ilustrazioak estilo askotarikoak izan daitezke, errealistenetatik abstraktuetaraino. Forma asko har ditzake: tamainan, ehunduran, paper motan, trokelean, hedatzen diren orrietan. Liburu ilustratua literaturako liburu eta arte liburu baten arteko sinbiosi ezin hobea da. Album guztiak liburuak dira, baina liburu guztiak ez dira albumak.
 
 
Lehen irakurleak
 
Gure seme-alabei istorioak irakurtzea ez dauka zertan aspergarria izan. Eta haurrengan irakurgaiekiko interesa sortzeko guztiz beharrezkoa da horiek liburuen munduan modu erakargarrian eta dibertigarrian sarraraztea. “Garrantzitsua da gurasoek seme-alabekin irakurtzea eta denak batera ilustrazioaz konturatzea. Liburu bakoitza abenturarantz zabaltzen den atea da, eta elkarrekin aurrera egiten badute, partekatuko duten une magiko bihurtuko zaie irakurketa” adierazi du Eukene Herrerak, Ibaizabal argitaletxeko Haur eta Gazte Literaturako koordinatzaileak.
 
Ilustratutako albumak bilatzen duena irakurle txikiei balioak irakastea da, jolas egiten duten bitartean ondo pasatuz eta irakatsiz. Herreraren hitzetan, “Umea edan eta edan egiten duen esponja da, ikasi, jolastu eta bere emozioak kudeatzeko gai izan nahi duena; liburuak behar horien ispilu izan behar dira, erantzunak eta ezagutza aurkitzeko tokiak”.
 
Ilustratutako albuma ezinbestekoa da ikasteko prozesuan: “Ilustratutako liburuak umea harrapatu eta liluratu egiten du, mundu berriak erakusten dizkio, bere burua zabaltzen du gauzak nola diren ezagutzeko, bere inguruan ezohikoak diren objektuen formak nolakoak diren irakasten dio. Ilustrazioak beste mundu batzuetara zabaltzen diren leihoak dira” erantsi du argitaletxeko literatura koordinatzaileak.
 
 
Guztiontzat zerbait
 
Gaur egun ilustratutako liburuekiko interesa nabarmen hazi da eta Ibaizabal argitaletxeak guztiontzat egokia den formatu honen aldeko apustua egiten du; apalak, harrigarriak, xarmagarriak, atseginak, magikoak, zintzoak edo sinestezinezkoak diren albumekin topa gaitezke; sentimenduak eragiteko, gozatzeko eta miresteko egindako liburuak dira. Izan ere, hona hemen liburu hauei buruz Ibaizabal argitaletxeak daukan iritzia: “ilustratutako albumen unibertso zabaleko zati handiena harritzen eta liluratzen duen altxor bihurtu da”.

Honekin zerikusia duten dokumentuak