Katu detektibearen abenturak

Noiz argitaratua 2021/03/02

  • Ibaizabal argitaletxeak bi nobedade argitaratu ditu zazpi urtetik gorako irakurleentzat, Sébastien Perez idazlearen eta Benjamin Lacombe ilustratzailearen eskutik: “Saguen desagerpena” eta “Kroketa pozoituak”.
 
  • Umorez, intrigaz eta asmamenez beteriko liburuak, historia eta fikzioa nahasten dituztenak, oroimena, tolerantzia eta ekologia bezalako gai handiak hobeto zerbitzatzeko.
 
  • Benjamin Lacombe da bildumaren ilustratzailea, txakurrak eta katuak marrazteko duen grina islatuz (batez ere bereak, beti bere liburuetan agertzen baitira).
 
Durangon, 2021eko martxoan. Ibaizabalek Xeherlock detektibearen ibileren lehen bi liburuak argitaratu berri ditu; Sébastien Perezen testu dibertigarriaz eta Benjamin Lacomberen irudiez gozatuko dute zazpi urtetik gorako irakurleek.
 
Katupola! Katuek zazpi bizitza dituztela esaten da, ezta? Bada, ni ziur nago gure protagonistak are bizitza gehiago dituela, eta bizitza horietako bakoitzean abentura berria biziko du, eta abentura horiek leku eta garai desberdinetara eramango dute. Hala, lagun handi ugari egingo ditu. Nahi al duzu bere lagun izan?
 
  • Lehen liburuko istorioa, Saguen desagerpena liburukoa,1975ean gertatzen da, auzo elkarte bateko etxe batean, Paris enblematikoeneko ohiko balkoi eta ganbaradun etxe batean; atzealdean Eiffel dorrea, Notre Dame edo Sacre Coeur-eko kupula ditu. Xeherlockek Landere andrea ezagutu du, labanda usain ederra duen dama, eta berehala konturatu da jabe bikaina izango dela. Katuak gozotasunez begiratzen dion unetik, Landere andreak katua hartu eta gehiagorik pentsatu gabe erosketa otarrean sartu du, tipula eta azenarioen artean. Etxe berrian, Magali sagutxoa ezagutu du, eta biak egin dira lagun min. Baina gertakari ikaragarri batek banandu egin ditu: Magali desagertu egin da eta, harekin, auzoko sagu guztiak. Gure protagonista berehala hasi da ikertzen, beste auzoko batzuek lagunduta, eta ez dio ikertzeari utziko, harik eta misterioa argitu eta bere laguna aurkitu arte.
 
  • Kroketa pozoituak da bildumaren bigarren liburua. Oraingoan, istorioa New Yorken gertatzen da, 1917an. Txakur Makurrak bandak, kaleko txakurren banda batek –Ed bazter-nahaslea, belarri puntazorrozdun txakurra, eta Joe kopeta-ile informaldun cockerra dira taldekideak–, Katuccini klana salatu du, haien kroketak pozoitzeagatik. Xeherlockek bere burua eskaini du benetako erruduna zein den ikertzeko. Ikerketetan Klaudioren laguntza izango du; Klaudio uso begiokerra da, eta, batzuetan, neuronek huts egiten diote. Mila deabruren biboteak! Uste al duzue gai izango direla animalien artera berriro bakea eramateko?
 
Hau lau hankako adiskide zintzoen omenezko seriearen hasiera da, Sébastien Perezek (Beauvais, 1975) eta Benjamin Lacombek (Paris, 1982) eratu duten sormen sozietate talentudunaren emaitza dena. Ohikoa denez, Perezek jarri die testua istorioei, eta testu horietan umorea, intriga eta asmamena nagusitzen dira, eta ez dira falta istorio klasikoei eginiko erreferentziak, besteak beste: Perez sagutxoa, Hamelineko txirula jotzailea edo Dama eta arlotea. Erritmoa hain da arina eta bizkorra, ezin izango diogula irakurtzeari utzi. Lacombe aktoreei aurpegia eta kolorea ematen dizkien magoa da. Beti maite izan du txakurrak eta katuak marraztea, eta bere ingurukoak liburuetan sartzea irakurleekin duen jolas antzeko zerbait bilakatu da. Hemen, hartzaileak umeak direnez, begi kolpe batez beldurra, alaitasuna edo sorpresa transmititzeko gai diren pertsonaiak sortu ditu. Xeherlock urdina da, eta belarriak, zangotxoak eta buztanaren ertza zuriak ditu. Baina benetan bereizgarri duena bere begi handiak dira, zorroztasun eta adimenez eta, aldi berean, sekulako samurtasunez beteak. Non uste duzu ikusiko dugula hurrengoan?