X

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu. Nabigatzen jarraituta Cookieak erabiltzeko gure politika onartuko duzu. Ados nago

Ibaizabal argitaletxeak lau liburu ilustratu berri aurkezten ditu

Noiz argitaratua 2012/12/17

  • Irudiek gazteenak liluratzen dituzte, eta aldi berean erakartzen dituzten istorioak ezagutzen dituzte.
  • “Euskarazko Haur eta Gazte Literatura sustatzeko pentsatutako albumak dira”, adierazi du Eukene Herrerak, Ibaizabal argitaletxeko Haur eta Gazte Literatura koordinatzaileak.
  • Liburu ilustratuen merkatua “boom” bat bizitzen ari da, izan ere, formatu handiko eta edizio zainduko argitalpen hauek helduak ere erakartzen baitituzte.
  • Ibaizabal argitaletxeak euskaraz dagoen gutxi hori merkaturatu du eta arrakasta handia izandako lau nobedade aurkeztu ditu.
 
 
Bilbon, 2012ko abenduan. Gaur egun, teknologia aisialdiaren alderdi guztiak bere gain hartzen ari da, baina etxeko gazteenen artean, baita euren gurasoen artean ere, xarma gero eta handiagoa duen sektore batek bizirauten du: liburu ilustratua. Liburu ilustratuak, berau irakurtzea erabakitzen dutenei tarte atseginak eskaintzeaz gainera, literaturaren mundua haurrei eta nerabeei hurbilarazi, ezagutarazi eta erakartzeko gaitasuna dauka.
 
“Euskarazko Haur eta Gazte Literatura sustatzeko pentsatutako albumak dira”, Eukene Herrerak adierazi duenez, Ibaizabal argitaletxeko Haur eta Gazte Literatura koordinatzaileak. Formatua argia da: ilustrazio handiak eta testu zaindua, harmonia perfektuan elkarren osagarri. “Esan dezakegu irudiek bere edertasunarekin liluratzen dituztela gazteak, ikusizko inpaktua dela; baina, ondoren, istorioak eurak dira irakurleak erakartzen dituztenak eta irakurmenarekiko plazerak sentitzen hasten dira”, adierazi du Herrerak.
 
Izan ere, liburu mota hauetan, ilustratzailea da garrantzia handiena eskuratzen duena eta, zenbaitzuek ospe handia daukate, hala nola, Rebecca Dautremer edo Benjamin Lacombe adibidez.
 
Hain zuzen ere, Ibaizabal euskarazko liburu ilustratuen aldeko postura egiten duen argitaletxe bakarrenetakoa da, eta bere azken lau nobedadeak aurkeztu berri ditu: Ondine, Gabon Kontakizuna, Zirku Magikoa eta Bilatu eta aurkitu Biblian.
Ondine, Friedrich de La Motte-Fouqué-ren ipuinean eta Jean Giraudoux-en antzerki lanean inspiratuta dagoen liburua da, eta bai testuak eta baita ilustrazioak ere Benjamin Lacombe ospetsuarenak dira. Ondine uretako ninfa bat da, gizakiek ume zela erreskatatu zuten eta baso sorgindu batetik gertu dagoen etxe batean bizi dena. Bapatean zaldun bat ezagutu eta berarekin maitemintzen da, eta horrek, harrigarriki, ninfaren onena ateratzen du, baina hainbat oztopo aurkituko dituzte naturaz gaindiko izakiak, maitasuna, bekaizkeria, jeloskortasuna eta abar eskaintzen dizkigun liburu zoragarri honetan.
 
Gabon Kontakizuna marrazkiz betetako liburu ederra da. Bizi-bizi eta maitasun handiz kontatzen digu Jesusen jaiotza Cherie Zamazin idazle eta marrazkilari ospetsuak.
 
Zirku Magikoa, Philippe Lechermeier haur-literaturako egile ezagunak idatzitako liburu berria da. Testu poetiko eta jostalariak eta umorez betetako eszena dibertigarriak islatzen ditu pertsonaia original eta bitxi batzuen bidez. Gainera Sacha Poliakova marrazkilariak irudi dinamiko eta koloretsuen bitartez zirkuko giro dibertigarria islatzea lortu du literatura-jolasa, ikuskizunaren artearekiko zaletasuna, talde-lana, irakurmena eta irudimena pizten dituen liburu eder honetan.
 
Bilatu eta aurkitu Biblian Biblia irakurtzeko modu entretenigarria da. Itun Zaharreko eta Itun Berriko kontakizun handi guztiak aurkezten ditu Carl Anker Mortensen-en liburu honek Max mutikoa lagun duela. José Pérez Montero marrazkilariak 28 kontakizun horietan abentura bila dagoen Max ezkutatu du, ikusteko lehenengo bilatu beharko duzu.
 
 
Irudiaren boterea
 
Hain justu, bilduma hauek ilustratzen dituzten irudien eragina gazteak erakartzeko pizgarrienetako bat da, izan ere, irudiek liluratuta, testu landuekin harremanetan hasten dira, estreinakoz. Ibaizabalek honela definitzen ditu liburu hauek: “Literatura arte eginda, jarduera biak elkarren osagarri baitira horietan, osatu egiten dira”.
 
Egun berezi hauetan gainera, ilustratutako liburuen azal erakargarriak bat egiten du dendak eta kaleak argiztatzen dituzten gabonetako apaingarriekin. “Liburu ilustratua opari bikaina da Gabonetarako, gurasoek euren seme-alabei erosteko, baina baita helduek beste heldu batzuei oparitzeko ere”, gehitu du argitaletxearen literatura koordinatzaileak.

Honekin zerikusia duten dokumentuak