X

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu. Nabigatzen jarraituta Cookieak erabiltzeko gure politika onartuko duzu. Ados nago

Ibaizabalek 25 urte bete ditu

Noiz argitaratua 2016/05/09

 

MENDE LAURDENEKO IBILBIDEAN ZEHAR, ARGITALETXEEN SEKTOREAREN BURUAN KOKATU DA IBAIZABAL

Argitaletxeak, 1990. urtean sortu zenetik, berrikuntzan oinarritutako hezkuntzaren eta euskal kulturaren aldeko apustuari eusten dio.


  • Urtero, Ibaizabal argitaletxearen 60 literatura-nobedade eta 70 testuliburu eta dibulgazioko material berri iristen dira liburu-denda eta ikastetxeetara.

 

  • Mende laurden honetan zehar, Ibaizabal argitaletxeak eragin nabarmena izan du tokiko ekonomian eta gizarte ezagutzaren aurrerapenean. Hala erakusten dute urte horietan argitaratutako 3.248 izenburuek.

 

  • 2006an Edelvives Taldearen partaide bihurtu zen. Gaur egun, Taldeak Estatuko hizkuntza ezberdinetako materialak argitaratzen ditu, baita Latinoamerikako herrialdeetan ere.

 

  • Arratsaldeko saioan Sirabun, edukietan metodologia berritzaileak erabiltzen dituen haurrentzako proiektu berria aurkeztu zen.

 

  • Gaur egun, Ibaizabal argitaletxeak gizartearekiko konpromisoa, berrikuntza eta balioak sustatzen ditu.
 
Bilbo, 2016ko maiatza. Ibaizabalek 25 urte bete ditu. Argitaletxea, 1990eko azaroaren 13an sortua, hezkuntza, euskara eta euskal kultura ardatz dituen sorkuntza gunea da Ibaizabal, Euskal Herriko argitalpenen eta kulturaren industrian. 2006an Grupo Edelvivesen partaide bihurtu zen. Gaur egun, Grupo Edelvivesek Estatuko hainbat hizkuntza ofizialetan argitaratzen ditu materialak, baita Latinoamerikako herrialdeetan ere. Era berean, Ibaizabalek berrikuntzaren alde egiteaz batera, gizartearen aurrean erantzukizunez jokatzea du helburu.
 
Mende laurden honetan, Ibaizabal argitaletxeak eragin nabarmena izan du tokiko ekonomian eta gizarte ezagutzaren aurrerapenean. Hala erakusten dute urte horietan argitaratutako 3.248 izenburuek. Urtero, Ibaizabalen 60 literatura nobedade eta 70 testuliburu eta dibulgazioko material berri iristen dira liburu-denda eta ikastetxeetara. Sari eta errekonozimendu ugari jasotakoa, Ibaizabal argitaletxea sorkuntzaren, edizioaren eta argitalpenen banaketan diharduen enpresa bat da. Bi argitalpen-lerro nagusi ditu euskara hutsean: batetik, testuliburuak, paperean zein euskarri digitalean, unibertsitate aurreko hezkuntza etapa guztietarako; eta, bestetik, haur eta gazteentzako literatura.
 
Hastapenetan, lau kideko lantalde batek osatzen zuen argitaletxea. Egun, 30 profesionalek osatutako lantalde egonkorra du, hezkuntza-edukien sorkuntzan, gestioan eta literatura-edizioan, komertzializazioan, marketinean eta berezko gune logistikotik abiaturiko liburuen banaketan espezializatua. Ibaizabal argitaletxeak gizartearekiko konpromisoa hainbat ekimenen bidez erakusten du. Hala, Bizkaiko Caritas eta SED GKE (Elkartasuna, Hezkuntza eta Garapena) babestu eta laguntzen ditu, testuliburu guztien salmentaren % 0,7 haien egitasmoetara zuzenduz. Bestalde, Ikusiz Ikasi garapen-programa ere bultzatzen du; Bilboko Elizbarrutiaren ekimen horretan, urtero 4.000 ikasle inguruk parte hartzen dute.
 
Hezkuntzaren eta euskararen eremuan, “Berrikuntza nagusia gure balioen arabera jokatzea da” leloari jarraiki, Berrikuntza+Balioetan inbertitzen du, giza balioak sustatzen dituzten eta berrikuntza dakarten egitasmoak martxan jarriz. Horrela, testuliburuen edizio-lerroan, adibidez, Liburu Digitalak proiektua abiatu du, hots, Ibaizabaleko liburu eta eduki didaktikoen garapen eta ekoizpen digitala, irakasleek bere hezkuntza jardunean erabiltzeko. Horrez gain, hezkuntza eta literatura arloetako hainbat proiektu biltzen dituen Irakurriz Bizi! egitasmoa ere martxan du. Eta, horiekin batera, zerrendan aipatzekoak dira. Erlijioen Jakinduria Bilduma eta Istorio Txikiak Mundu Handiak egitasmoak.
 
Arratsaldeko saioan, Ibaizabalek Haur Hezkuntzako irakasle eta ikasleei zuzendutako proiektu berria aurkeztu zuen: Sirabun. Material didaktiko horrekin, Ibaizabalek teknologia digitalaren eta metodologia berritzaileen aldeko apustua egiten du. 

Honekin zerikusia duten dokumentuak