X

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu. Nabigatzen jarraituta Cookieak erabiltzeko gure politika onartuko duzu. Ados nago

Herensugeen semea: Sébastien Perezen azken albuma

Noiz argitaratua 2017/11/15

  • Ibaizabal argitaletxeak Sébastien Perez idazlearen eta Justine Brax marrazkilariaren album berria argitaratu du.

 

  •  Ausardiaren eta norberaren nortasunaren bilaketari buruzko liburua.

 

  • Kutsu poetikoa eta ipuin klasikoen espiritua bateratzen dituen kontakizuna.

 

  • Pertsonaien emozioak nabarmentzen dituzten ilustrazioak, magikoa eta iradokitzailea den giroa sortzen dute.
 
 
Zornotza, 2017ko azaroa. Idazle frantziarrak ausardiari eta norberaren nortasunaren bilaketari buruzko liburuarekin hegan egitera eramango gaitu. Albumak Justine Brax-en ilustrazio bikainak ditu, «Mowgli»ren irudiak sortu zituen artistarenak. Patxi Zubizarreta arduratu da euskaraz argitaratutako kontakizun honen itzulpen lanaz.
 
Gizakiak fantasiara jauzi egiteko joera du. Izurdeen eta baleen mugimendua ikusita, suge erraldoiak ikusteko gai izan zen; manatien moduko animalia handietan, berriz, itsaslaminak ikusi zituen. Gainera, animalia batzuen fosiletatik abiatuta, herensugeak benetan izan zirela ziurtzat jo zuen. Ordutik, suz eta magiaz inguratutako narrasti horiek rol esanguratsua bete zuten munduko kulturetan.
 
Ekialdeko herrialdeetan, herensugeak beti izan ziren zintzoak eta zorte ona adierazten zuten; aldiz, mendebaldean, haien jatorrizko portaera txarkeriari lotuta egon da. Gaur egun, literaturak hainbat eratara berrinterpretatu izan ditu herensugeak; izan ere, esanahi ezberdinak emateko garaian, haien karismari eta iragazkortasunari esker, haurren liburuetako pertsonaia klasiko bihurtu dira.
 
Herensugeen semea lanak, Sébastien Perez idazlearen azken liburuak, animalia mitiko horien alderdi sinbolikoa jorratzen du. Yomonen ametsa bere kideak bezalakoxea izatea da: hegan egiteko, sua jaurtitzeko eta arrokak hortzekin birrintzeko gai izatea. Bere baitan herensuge baten bihotza dago taupa-taupa, baina gizaki baten gorputza du. Ez den hori irrika izateaz nekatuta, espezie hartako jakintsuari bisita egingo dio egoera konpondu nahian. Hala, erabateko herensuge bihurtzeko modu bakarra dagoela jakingo du: erregeek koloniari lapurtu zizkieten bost altxorrak berreskuratzea. Yomon oso ezberdin eta bereziak diren erreinuetan sakabanatuta dauden atzapar baten, letagin baten, hegalen, zarata gorgarriaren eta betiereko suaren bila abiatuko da.
 
Sébastien Perezek kutsu poetikoa, narrazio-erritmo leuna eta ipuin klasikoen espiritua bateratzen dituen kontakizuna jaso du album honetan. Ezaugarri horiek ederki ekarri ditu Patxi Zubizarretak euskarara.
 
Liburu honetako heroiak, 10 eta 12 urte arteko mutikoak, helburua lortzeko hainbat proba gainditu beharko du ausardia, indarra eta leialtasuna oinarri hartuta. Justine Braxen ilustrazioak oso adierazkorrak dira koloreari dagokionez, eta pertsonaien emozioak nabarmentzen dituzte. Aldi berean, gainera, kontakizunean azaltzen diren izakiak bezain magikoa eta iradokitzailea den giroa sortzen dute.
 
Herensugeen semea irakurrita, antzina herrien irudimena piztu zuen fosilaren ondorio bera biziko dugu. Oraingoan, ezohikotasunak zeharkatzen duen unibertso pertsonalera eta barnekora zuzentzen da begirada. Bertan, nor garen eta nor izan nahi dugun galderak asmatuko ditugu berriro. Bi galdera horiek herensugeen hegaldiak bezainbeste ibilbide eta erantzun dituzte.
 
Liburuaren fitxa ikusteko: Herensugeen semea.
 
Spota ikusteko >>>sakatu HEMEN<<<.