X

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu. Nabigatzen jarraituta Cookieak erabiltzeko gure politika onartuko duzu. Ados nago

Garalar-maralar eta mendien istorioak

Noiz argitaratua 2020/06/26

Ibaizabal argitaletxeak Garalar-maralar bilduma ilustratua aurkeztu du
 
Landarlan Ingurumen Elkarteak sustatu eta Ibaizabal argitaletxeak plazaratutako bilduma.
 
● ‘Garalar-maralar’ bilduma ilustratuak Aralarko mendietara hurbildu nahi du irakurlea.
 
● Patxi Zubizarretak idatzitako eta Jokin Mitxelena ilustratutako bilduma.
 
● Hauek dira bildumaren helburu nagusietako batzuk: naturara hurbiltzea, inguruko parajeak ezagutzea, natura zaintzen eta maitatzen ikastea, naturaren garrantziaz jabetzea.
 
● Bildumak lau izenburu ditu: -Goliat eta izarrak-, -Joanes eta kanpaiak-, Aiert eta herensugea- eta –Maren eta azeria-.
 
Durangon, 2020ko uztailean. Liburuak irakurriz bidaiatu egin ditzakegu, gertuko zein urrutiko lekuak ezagutzeko aukera paregabea izanik. Horixe da Landarlan Ingurumen Elkarteak sustatu eta Ibaizabal argitaletxearen eskutik plazaratu den Garalar-maralar bildumaren kasua.
 
Ordiziako Patxi Zubizarreta idazlearen testuak, eta Donostiako Jokin Mitxelena marrazkilariaren irudiak, Aralarko mendietara hurbilduko gaituzte, bertako bidexka, tontor eta kobazuloetan sartuz, Joanes artzaina, Goliat txakurra eta Aiert eta Maren anai-arrebak protagonista dituzten abenturen eskutik.
 
Lau izenburuk osatzen dute bilduma, eta bakoitza Aralarreko leku desberdin batean kokatzen da. Goliat eta izarrak da lehenengoa, eta, idazlearen hitzetan, “Txindoki agertzen da, arrezife moduan, lehen egondako itsaso baten aztarna dena”. Bigarrenaren izenburua Joanes eta kanpaiak da: Amezketa, Balerdiko medi tontorra eta meategien mundua irudikatzen ditu. Aiert eta herensugea, hirugarrenaren muina Nafarroan kokatzen da: Lekunberriko inguruak, Mendukiloko kobazuloa, San Migel eta bertan dagoen herensugea… Zubizarretak azpimarratzen duen moduan “irakurleari gerturatzeko mitologia, etnografia, geologia… baina modu literario eta dibertigarri batean kontatuta”. Laugarren liburuak, Maren eta azeria, Oiduiko marroia, Alotza, ardiak eta artzainaren bizimodua agertuko digu. Kontuan izan behar dugu Zubizarretaren “aitona, Aralar inguruan artzain ibili” zela eta Mitxelenaren “aita, 11 urterekin, Zaldibiako artzain batek morroi bezala hartu” zuela.
 
Irakurketarako eskaintza ezezik, bilduma hau Aralarrera bertaratzeko gonbita ere bada. Konfinamenduaren irteeran gauden une honetan, eta azkeneko hilabeteetan bizi izan dugunaren ostean, Patxi Zubizarretak dio: “neska-mutikoek eta denok, natura defizit handia dugulako, pantailari itsatsiak egon garenez azken hilabeteotan… mendira gerturatzeko gonbitarekin nator”.
 
Marrazkilariaren irudiek inguruneari erreparatzen diote, eta artzain izandako bere aitarengandik jasotako hainbat xehetasun topatu ditzakegu. Zubizarretaren hitzetan, Mitxelenak egindako lanak “haur literaturaren alderdirik onenetakoa transmititzen du, hau da, ludikotasuna, bizi poza… Pertsonaiak dibertigarriak dira, eta natura oso gertukoa egiten du, usaindu egiten da berdetasuna, haizea, ura, lurra… arnasa ematen du”.
 
Garalar-maralar bildumaren izena kontuan hartuz, hona zer ondorioztatu ditzakegun: bat, bilduma honek Aralarrekin lotura estua duela; bi, “Garalar hitzak «gara» du bere baitan, gu ere inplikatzen gaituelako, baina guk ere ingurune hori zaindu egin behar dugu”; hiru, “maralar hitzarekin osatu dugu hitz jokoa, elurraren mara-marari keinu eginez, natura poliki-poliki zaindu behar dugun zerbait delako”.
 
Bilduma zazpi urtetik gorako haurrentzat dago pentsatua. Bere helburu nagusietako bat haurrak naturara hurbiltzea da eta, inguruko parajeak ezagutuz, natura zaintzen eta maitatzen ikastea, naturaren garrantziaz jabetzea. Idazlearen hitzetan “bilduma honek proposamen bat egiten du jabetzeko non bizi garen eta zer garen. Porlan artean bizi gara, baina gu ere natura gara”.
 
Bildumako protagonistak, Aiert eta Maren neba-arrebak, txangoak eginez, abenturak biziz eta Joanes artzainaren eskutik izango dute Aralar deskubritzeko aukera paregabea. Era berean, beren ahoetatik ezagutuko ditugu “beraien bizipenak: zer sentitzen den kobazulo batean argirik gabe geratzean, edo galduta sentitzen direnean lainoa sartu delako”.
 
Aralar mendilerro handia da, mendikate zabala, eta ezin da liburu batean sartu. Baina ipuinotan barneratzen bazara, mendi bat baino gehiago mundu bat deskubrituko duzu: itsaso zaharrak eta glaziarrak, leizezuloak eta amildegiak, pertsonaia harrigarriak eta animalia interesgarriak… Aralar zarela, Aralar garela sentituko duzu.

Honekin zerikusia duten dokumentuak