X

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu. Nabigatzen jarraituta Cookieak erabiltzeko gure politika onartuko duzu. Ados nago

Etiopiatik Parisera Mediterraneoa zeharkatzen

Noiz argitaratua 2018/06/11

  • Ibaizabal argitaletxeak Patxi Zubizarreta idazlearen eta Rebeca Luciani marrazkilariaren liburu berria argitaratu du.

 

  •  Egunero erronka latzei aurre egin behar dieten pertsonekiko enpatia eta elkartasuna irudimenarekin uztartzen duen istorio miresgarria.

 

  • Gaztetxoei aniztasunaren eta dibertsitatearen kontzeptuak ulertzera gonbidapena, Mendebaldeko herrialdeen nagusitasuna zalantzan jartzen duena. Elkartasunezko eta itxaropenezko mezua adierazten duen obra, Haur Literaturako lan handienen parekoa.
 
 
Zornotza, 2018ko ekaina. Patxi Zubizarretak idatzita, eta Rebeca Lucianiren ilustrazioek lagunduta, “Korri, Kuru, korri!” liburua argitaratu du Ibaizabal argitaletxeak Paper Txoriak Sail Urdina bilduman.
 
Oraingoan, Mediterraneo itsasoan zehar eramango gaituen istorioarekin datorkigu Zubizarreta bidaiaria; moraltasuna eta irudimena trebetasun handiz uztartzen dituen ipuin bat aurkeztuz. Rebeca Lucianiren marrazki adierazgarri bezain exotikoez lagunduta, Ekialdeko Afrikako parajeetan zeharo murgilduta arituko dira irakurle gaztetxoak “Korri, Kuru, korri!” liburuarekin.
 
Hanka bihurritu eta gero, Nora gaztea ospitalera doa, non Kuru izeneko mutiko Etiopiar batekin egingo duen topo. Kuruk, Mediterraneo itsasoa pateran zeharkatu du, Europan dagoen bere arrebarekin elkartzeko asmoarekin.
 
Neskatoak, ikusmiraz, Etiopiar gazteari nondik datorren galdetzen dionean, Kuruk Zarafa izeneko jirafa bidaiariaren istorioa kontatuko dio, berea oso tristea dela argudiatuz. Zarafak XIX. mendean Egiptotik Pariserako bidea egin omen zuen, Atir izeneko mutil gazte batekin batera, bertako Karlos X.a erregearentzako opari gisa.
 
Atir eta lepoluzea bidelagun, irakurleak liburuaren hasieratik murgilduko dira elkartasun eta sentimenduen munduan; poesia eta hizkera landua bezain musikatua bateratzen dituen kontaketa batean barrena.
 
Zubizarretak Haur Literaturako XXIX. Ala Delta Saria jaso zuen Madrilen, Epaimahaiaren hitzetan, “Immigrazioaren ezbeharrak eta Ekialdeko literatur tradizionaleko kondairak trebetasun handiz uztartzen dituen istorio miresgarria; ahozkotasunari omenaldi bat”.
 
Kuru eta Zarafaren pareko istorioen bitartez, idazleak etorkinen eta errefuxiatuen eguneroko errealitate latza hurbilduko die irakurleei, betiere hizkera magiko eta leunago bat erabilita, baina errealitatetik gehiegi aldendu gabe; gaztetxoak ere jakin dezaten bizitza goxoa bezain mingotsa izan daitekeela.
 
Koloreak, paisaia miresgarriak, sentimenduak eta abentura bide, idazle ordiziarrak ipuin kontalaritza eta kultura aniztasunaren arteko konbinazio eredugarria hau ekarri digu azalera Mediterraneoko uren artetik; izan ere, berak dioen moduan, “Mediterraneoak istorio gehiago dauzka ura baino”.