X

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu. Nabigatzen jarraituta Cookieak erabiltzeko gure politika onartuko duzu. Ados nago

Ziberjazarpena edo biktimen isiltasuna

Noiz argitaratua 2018/07/31

  • Ibaizabal argitaletxeak honako lan berri hau argitaratu du:“Isiltasun-harrapariak”, Ameslari bilduman.
 
  • Trama gizarte sareen eta txaten munduan zabaltzen da.
 
  • Ziberjazarpenaren munduan murgilarazten gaitu, ikasgeletako errealitate saihestezinean.
 
  • Oso baliagarria izan daiteke Interneteko pribatutasunari eta sare sozialetako arriskuei buruz eztabaidatzeko.
 
  • “Isiltasun-harrapariak”, Daniel Bautista Machin egilearena.
 
Amorebieta, 2018ko maiatza. Ibaizabalek “Ameslariak” bildumari beste lan bat gehitu dio, “Isiltasun-harrapariak” Daniel Bautista Machin idazlearena.
 
Eleberriak Sara aurkezten du, berez neska bihurria; institututik kanporatu dute eta amak ikastetxe pribatu batean sartu du. Sara ez dago batere konforme, eta parkourra egitean baino ez da lasaitzen. Jarduera horretan hain da trebea, ezen Armiarma deitzen baitiote. Sarak eginiko zuhurtziagabekeria bat dela bide, Lucía ezagutu du, bere etxe azpiko pisuan bizi den detektibe pribatua. Bien artean, institutu berriko neska bat ziberjazarpena jasaten ari dela jakin dute. Armiarma, azkenean, kasu arriskutsu batean sartu da, eta sare kriminal bati egingo dio aurre. Sare horren bidez, neska nerabeak beldurtzen dituzte eta xantaia egiten diete.
 
Detektibe generoko eta akzio askoko eleberri honen bidez, ziberjazarpenaren munduan murgilduko gara, ziberbulling, jazarpen birtual edo jazarpen zibernetiko izenez ere ezagutzen den munduan. Gaurkotasuneko gaia da; presente dago nerabeen egunerokotasunean, eta ikasgeletan errealitate saihestezina da. Hainbat adinetako eta testuingurutako ume eta gazteetan eragina duten gero eta kasu gehiago ezagutzen ditugu. Jazarpen mota hori adingabeen artean gertatzen da eta baliabide digitalak baliatzen dira horretarako (mugikorrak, sare sozialak, argazkiak, bideoak, onlineko jolasak, posta elektronikoa, foroak, txatak…), kalte psikologikoa edo emozionala egiteko biktimari, kontzienteki, denboran errepikatzen den kaltea izanik.
 
Egileak parkourraren munduan ere murgilarazten gaitu; kaleko arte horren bidez, hiria entrenamendu pista bilakatzen da. Batzuentzat, muturreko kirola da; beste batzuentzat, arte martzialekin erka daitekeen jarduera. Jarduera hori egiten dutenei trazatzaile esaten zaie; izan ere, lerro zuzena trazatu behar dute eta, beren trebetasunaren bidez (jauzi, jauzi nagusi, eskalada eta itzulipurdien bidez), bidean aurkitzen dituzten hiri oztopo guztiak gainditu behar dituzte, arintasunez, azkar eta teknika nahikoarekin, beren buruari ezarritako helburua betetzeko.
 
Armiarmak badaki ustekabeko lekuetatik mugitzen, bere trebetasun naturalen bidez: malgutasuna, erresistentzia, indarra, bizkortasuna, oreka eta abiadura. Eta, hori guztia, parkourraren lemetako bat ahaztu gabe: “izan eta iraun”. “Izan”, garrantzitsua delako bakoitzak bizitzan bere bidea aukeratzea, beldurrik eta presiorik gabe; eta “iraun”, trazatzaile bakoitza garrantzitsua eta preziatua delako eta ez duelako bere bizitza arinkeriaz arriskuan jarri behar.
 
Narrazioak gazte hizkera darabil, eta gezur eta itxurakerien munduan murgilduta dauden protagonistak aurkezten dizkigu; bertan, sare sozialen alderik ilunena eta edozein txaten atzean dagoen arriskua zabaltzen dira.
 
Tramak asmatu egiten du jolas krudela irudikatzen: nerabe babesgabe eta ahulenek jasaten duten jazarpena eta xantaia. Egileak kontatzen duen istorioak, egoki erabili ezean, Internetek eta sare sozialek ekar ditzaketen arriskuak kontatzen ditu, eta argi uzten du errudunak beren biktimen isiltasunaz aprobetxatzen eta elikatzen diren animaliak direla.
 
Eleberri hau irakurtzea oso gomendagarria da Bigarren Hezkuntzako irakurleentzat; izan ere, trebetasunez heltzen die zenbait gairi, besteak beste, bakerako hezkuntzari, berdintasunari edo moralari. Daniel Bautistak, liburu atsegin eta irakurtzeko erraz honen bidez, entretenitzeaz ez ezik, egungo gatazka handiak, besteak beste, indarkeria, desberdintasunak eta balio etikoen urritasuna salatzeko eta horien aurka borrokatzeko pentsamendu kritikoa eta konprometitua sendotzen ere laguntzen du. Halaber, oso baliagarria izan daiteke Interneteko pribatutasunari eta sare sozialetako arriskuei buruz eztabaidatzeko.
 
Eleberri honen bidez, zenbait balio ezagutu eta sakondu ahalko ditugu, besteak beste: konfiantza, independentzia, integritatea, identitatea, erantzukizuna eta zintzotasuna.