X

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu. Nabigatzen jarraituta Cookieak erabiltzeko gure politika onartuko duzu. Ados nago

Chris Riddell: Bizitzari buruzko iritzia emateko marrazten eta idazten dut

Noiz argitaratua 2014/07/23

Agian ezagutuko duzu Ottoline. Ada Goth ere bai. Hala bada, ezagutzen duzu pixka bat Chris Riddell, haien egilea. Hego Afrikan jaio zen Chris Ridell eta, laster, Ingalaterra joan zen bizitzera. Baina ez zen toki batean gelditu: alderantziz. Aita artzain anglikanoa zuen eta aitaren lana zela-eta, batean eta bestean bizi izan zen. Orain, Brighton herrian bizi bada ere, irudimenaren bidez toki askotara bidaiatzen du, idazteari eta ilustrazioari emana bizi baita. Umeei zein helduei gustatzen zaizkie haren liburuak eta Erresuma Batuko hainbat sari entzutetsu irabazi ditu; hala nola Nestlé Gold Award eta Kate Greenway Medal bi aldiz. Haur eta gazteentzako liburuak idazteaz gain, Chris Riddellek bineta politikoak ere egiten ditu Britainia Handiko The Observer eta The Guardian egunkarietarako. Lanpetuta dabilen arren, tartea hartu du Chrisek gurekin Ibaizabalek argitaratutako azken liburuari buruz hitz egiteko: Ada Goth eta sagu mamua liburuari buruz aritu zaigu.
 
 
Kaixo, Chris. Umeei eta helduei gustatzen zaizkie zure liburuak. Norentzat idazten duzu zuk?
 
Umeekin irakurtzen duten aitengan eta amengan pentsatzea gustatzen zait. Horregatik idazten dut bai helduentzat, bai umeentzat eta istorioak sortzen dituen galderak eta eztabaidak irudikatzen ditut.
 
Zer gustatzen zaizu gehien Ada Goth liburuan?
 
Irakurle gazteentzako eleberria dela. Edizio zoragarria eta konplexua dituen liburua da eta ilustrazio asko du. Izugarri gustatzen zaizkit morez margotutako ertzak!
 
Zerk inspiratu zaitu liburu hau idazteko?
 
Lord Byron poetaren Ada Lovelece alabaren biografia bat irakurri nuen. Lehen ordenagailuen aitzindaria izan zen eta hark idatzi zuen XIX. mendearen erdialdean ordenagailuko lehen programa. Istorio hartatik sortu zen dena.
 
Liburuetan asko erabiltzen duzu testuartekotasuna. Jolas egiten duzu, adibidez, pertsonaia ezagunen izenekin eta egoerekin. Ohiko baliabidea al duzu hori zure lanetan?
 
Ez naiz konturatu hori egiten ari nintzenik! Munduak sortzea gustatzen zait eta Ada Gothen mundua poetaz, margolariz eta komiki-marrazkilari eroz beteta dago; eta mamuz eta munstroz, jakina. Pertsonaia ezagunak maileguan eskatu eta pixka bat aldatzea gustatzen zait, sortzen ari naizen munduan sar daitezen. Elurretako mamua, esate baterako Mary Shelleyren Frankenstein laneko munstroa da eta haren baimendu gabeko biografiak zor dizkion egile-eskubideak aldarrikatzen ari da!
 
Ada eta haren aita irudikatzeko literaturako edo zinemako pertsonaiaren batean oinarritu al zara?
 
Lord Byron eta haren alaba Ada izan nituen hasierako inspirazio. Baina berrogeiko hamarkadako film bat ere, Laurence Olivier azaltzen den Cumbres borrascosas eta Orgullo y prejucio laneko Darcy jauna ere inspirazio-iturri izan nituen. El espíritu de la colmena film espainiarretik ere badute zerbait Adak eta elurretako mamuak.
 
Ada Goth eta Ottoline, ausarta eta adoretsuak dira. Kasualitatea al da?
 
Ez. Uste dut bi ezaugarri horiek erakargarriak direla pertsonaia nagusientzako eta istorioa garatzen laguntzen dutela. Haien buruarengan duten konfiantza-falta eta eskuzabaltasuna ere gustatzen zaizkit.
 
Zertan dira berdinak umeentzako egiten dituzun lanak eta tira grafikoak?
 
Komiki-marrazkilaria naizenez, metafora bisualak erabiltzen ditut gertaera politikoei buruz hausnartzeko eta umeentzat egiten ditudan liburuetan, hitzak eta ilustrazioak erabiltzen ditut irudizko munduak eraikitzeko. Bizitza nola ikusten dudan adierazteko bideak dira biak eta bietan marrazten dut ildo horretatik.
 
Hego Afrikan jaio zinen eta gurasoek apartheidaren aurka borrokatu ziren. Zer izan zen esperientzia hura zuretzat?
 
Nik urtebete nuela joan ziren gurasoak Hego Afrikatik, baina Erresuma Batuko apartheidaren aukako mugimenduan oso aktibo ibili ziren. Hala, oso egoera politizatuan hazi nintzen eta egoera hartan oso garrantzitsua zen kanpaina eta protesta egitea. Gai politikoek hor jarraitzen dute eta horregatik marrazten ditut bineta politikoak. Liburuak ere hala dira eta horregatik ilustratzen eta idazten ditut umeentzako liburuak.
 
Zer eskubide ez litzateke haurtzaroan inoiz galdu behar?
 
Giza eskubideak. Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala da inoiz argitaratutako dokumenturik garrantzitsuena. Amnistia Internazionalak umeentzako bertsio ilustratu bat argitaratu zuen, Todos nacemos libres izenburupean eta parte hartzeko pribilegioa izan nuen. Ume guztiek izan behar lukete ale bat!
 
Mila esker, Chris!
 
Ada Goth eta sagu mamua irakurtzen ondo pasatu baduzu, jarri prest! Udazkenean neska berezi honi buruzko abentura gehiago irakurtzeko aukera izango duzu Ada Goth eta Ilargi Hilaren Jaialdia liburuan.