X

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu. Nabigatzen jarraituta Cookieak erabiltzeko gure politika onartuko duzu. Ados nago

Ekitaldien agenda

Irakurgaien uda Ibaizabalen

2020/07/29 Durango (Bizkaia)

Irakurle agurgarriak: Prest al duzue udarako liburuen zerrenda? Ibaizabalen, argitalpen batzuk proposatu nahi dizkizuegu, adinen arabera sailkatuak, udako arratsalde luzeez lasai gozatzeko.
 
 
Heldu dira oporrak, azkenean, liburuz inguratzeko eta haietako orrialdeetan hainbat orduz murgiltzeko une bikaina, mundua eta eguneroko betebeharrak ahazteko unea. Udarako zuon gustuko irakurgaien katalogoa sortzeko, gomendio batzuk prestatu ditugu, hainbat proposamen freskorekin.
 
0 eta 6 urte bitarteko umeentzat
 
Bila nazazu bildumak txikienei hainbat eszena natural dakarzkie, besteak beste, oihana, itsasoa eta basoa, haietako ohiko biztanleekin batera. Iluntasunean bolumena (urtebetetik aurrerako irakurleentzat) gauez bizi diren izaki liluragarriei zuzentzen zaie. Azal hegaletatik tiratuz gero, izaki horiek ezagutuko dituzu.
 
 
Handia naiz bildumako liburuek ilustrazioa aldatzen duten azal hegalak dituzte, bai eta txikienei eguneroko ohiturak hartzen laguntzeko pertsonaia atseginak ere. Anai-arrebak bilduman (12 hiletik aurrera), gure protagonistek bizikidetzako gatazka txikiak kudeatzen ikasi beharko dute. Beti ez baita erraza anai-arrebak izatea!
 
Zu eta biok (3 urtetik aurrera) lo egiteko ipuina da; bertan, animaliek dituzten ezaugarriak edo trebetasunak eta umeenak erkatzen dira. Errima dibertigarriak ditu liburuak, eta, hala, txikiei beren eta beste izaki batzuen arteko antzekotasunak edo desberdintasunak erakusten dizkie.
 
Dagoeneko inork ez dio kasurik egiten Tom-i, oihu egiten duenean: Badatoz piratak! (4 urtetik aurrera). Auzokideak aspertu dira motiborik gabe kezkarazteaz. Baina, Peru eta otsoa ipuinean bezala: inoiz benetan gertatzen bada?
 
 
6 eta 8 urte bitarteko umeentzat
 
 
Txilinbuelta bilduma irakurtzen hasten diren txikienei zuzentzen zaie; irudi biziak eta koloretsuak eta letra uztartua ditu. Esnati ederra egokitzapen bat da, eta ipuin tradizionalen ikuspegi berria ematen digu; sorpresaz eta umorez josita daude argumentuak.
 
7 urtetik gorako irakurleentzat eta Garalar-maralar bilduman, Maren, Aiert eta Joanesen azken abentura dugu. Maren eta azeria liburuak artzainen, ardien eta arkumeen bizitza deskribatzen digu, Oiduiko kortan. Protagonistek San Juan gauaren sua sentituko dute barnean.
 
Arkulari gazte bat Azken otsoaren bila abiarazi da, hil nahi du eta; baina, bere atzetik dabilela, harrapakinak ehizatzeko animaliaren motiboak ulertuko ditu. Justine Brax-ek Sébastien Perez-en alegatu bakezale eder hau irudi ederrez jantzi du.
 
 
8 eta 12 urte bitarteko nerabeentzako
 
 
Adin tarte honetarako, hiru altxor txiki aurkeztuko ditugu: Elurrezko panpinen borroka berdinen arteko gerraren jatorriari buruzko alegoria. Mendiko Erregea; bertan jakingo dugu zergatik Stellak, protagonistak, ikusezintasunerako ahalmena duen. Eta Leihoko neska; bertan, besteekiko errespetua zer garrantzitsua den azpimarratzen da, pertsonen arteko elkartasuna defendatzen da eta indarkeria mota oro baztertzen da.
 
Elurrezko panpinen borroka liburuak honako hau kontatzen digu: negu oso hotza da, eta, mendi tontorrean, elurretako panpin batzuk agertu dira. Baina berehala piztu da lehia basatia eta, ondorioz, anai-arrebak banandu eta lehian arituko dira.
 
Stella Montgomeryren Misterioak bildumaren hirugarren emanaldiak kontatzen digu protagonistak aurrez aurre dituen arriskuek kezkatu gabe egiten ari den bilaketa. Zenbait arrisku larriri aurre egin eta, ondorioz, bere bizitza arriskuan jarri ondoren, Stellak Mendiko Erregeari egin beharko dio aurre, bahitutako pertsonak askatzeko.
 
Etorkizunari iraganeko esperientzia txarrak errepikatzeko arriskurik gabe aurre egiteko, gerra ezagutu duten umeen historia eta errealitatea ezagutzera gonbidatzen zaituztegu. Leihoko neska liburuak Lucas umea aurkezten digu; Lucas Amsterdamen bizi da 1940tik, nazien okupazioan zehar. Gurasoek oparitu dioten teleskopio bati esker, abandonatuta dagoen marmelada fabrika bateko geletatik dabilen neska bat ikusi du. Arbel zatietan eta kartoi zati margotuetan idatzitako mezuen bidez, neskatoaren izena Ana Frank dela jakin du, judua dela eta naziengandik ihes egiteko ezkutatuta dagoela. Lucasek zin egin dio ez duela ezer esango.
 
 
14 urtetik gorakoentzat
 
Inkaren begia liburuak irakurleei abentura dardartia eskaintzen die Amazoniako basoan. Boliviara lau seme-alabekin oporretan bidaiatzen den antropologo bat bahitu egin dute. Anai-arrebek bilaketa lanari ekin diote, xaman baten eta bere laguntzailearen laguntzarekin.