Ekitaldien agenda

Grupo Edelvivesek eta Samsungek tabletak merkaturatzeko akordioa sinatu dute Matificekin

2022/06/09 Durango (Bizkaia)

Ikasleek, familiek eta irakasleek, Matific-i esker, Haur eta Lehen Hezkuntzan matematikaren gaitasuna lantzeko baliabide bat izango dute, eta hura curriculumera egokituta egongo da, berrogei hizkuntza baino gehiagotan.
 
Grupo Edelvivesek eta Samsung Electronics-ek akordioa sinatu dute Matificekin, Samsungen hezkuntzarako tabletak merkaturatzeko; Matific matematikako plataforma digitala da, eta hezkuntzako adituek diseinatu dute. Hala, aliantza horri esker, tabletek matematika errazago ulertzeko tresna hori izango dute, ikasle bakoitzaren beharrei erantzuteko moduan. Gainera, ikasleek eduki elkarreragilea eta erakargarria izango dute; bi mila eta bostehun jarduera gamifikatu baino gehiago izango ditu eta ingurune dibertigarria eta bizigarria, eta horrek pentsamendu kritikoa eta arazoen ebazpena garatzen lagunduko die.
 
Matific matematikako plataforma elkarreragilea da; Stanford-eko, Harvard-eko, Berkeleyko eta Einstein institutuko espezialistek garatutako hamar printzipio pedagogikoei jarraikiz diseinatu zen. Mundu mailako aitorpena du, eta ikasleen errendimendua ehuneko hogeita hamalau arte areagotzen duela frogatu da.
Grupo Edelvivesen, Matificen eta Samsungen arteko akordio horren bidez, sendotu egiten da konpainiek ikaskuntzarako soluzio bat eskaintzeko duten konpromisoa. Batasun horrek ikasleei aukera paregabea ematen die haien tabletan testu liburuetara egokitzen den eta jolasaren bidez antsietatea murrizten duen baliabide digital inklusiboa izateko. 
 
Plataforma erabiltzea erraza denez, Matificek ez du prestakuntza metodologikorik behar, eta irakasleei malgutasunik handiena eskaintzen die programazioaren ordena ikasgelako erritmoaren neurrira aldatzeko. Gainera, familiek seme-alabei matematikako gaitasuna garatzen lagundu diezaiekete, ikasteko prozesuaren segimendurako bide ematen dien aplikazioari esker. Familien Guneak aukera ematen die seme-alaben bilakaera denbora errealean ikusteko, edozein gailutik, eta haien indargune eta hobekuntza arloei buruzko txostenak ematen dizkiete.
 
 
«Gizartearekin dugun konpromisoa sendotzeko lan egiten dugu, eta, horretarako, ikastetxeen esku hezkuntza hobetzeko azken berrikuntzak jartzen ditugu. Hori horrela, harrotasunez jarraitzen dugu Grupo Edelvives argitaletxe taldearen eskutik lanean; izan ere, haien balio eta hezkuntzarekiko konpromiso berak ditugu geuk ere», esan du Diego Granjak, Samsung Electronics Iberiako hezkuntzako negozio managerrak.
 
«Teknologiak gehitu egiten du Hezkuntzan, baldin eta haren zerbitzura diseinatzen bada, eta modu ikusezinean irakasle, familia eta ikasleentzako soluzio erabilgarriak integratzeko gai da, prozesuan edo erabileran deserosotasunik eragin gabe. Hura izan da gure helburua proposamen berri horretan pentsatzean. Pozik egin dugu Samsungen eta Matificen eskutik, eta pozik partekatu dugu haiekin ekosistema digitala hobetzen joateko ikuspegi bera», esan du Alejandro Cebrián Grupo Edelviveseko eragiketen zuzendariak.
 
«Matificekook uste dugu jolasa ikaskuntzaren funtsezko alderdi bat dela, eta badakigu horrelako akordio batek Espainia osoko milaka ikasleri lagunduko diela matematikez maitemintzen eta haiez aurretik sekula pentsatu ez bezala gozatzen», esan du Lara Fernández Bóo Matificeko Espainiako salmenten exekutiboak.
 
Bestalde, Grupo Edelvivesen eskutik, hezkuntza sektoreko aliatua eta dauzkan askotariko baliabide eta plataformen bidez ezagutzaren sustatzaile den aldetik, Samsung tabletek honako eduki eta proposamen hauetara sartzeko aukera ere izango dute:
 
Edelvives Family: Familian ikasteko eta ondo pasatzeko behar duzun guztia. Bisitariak mundu magiko eta harrigarrietara eramango dituzten jarduera, jolas eta irakurgaiak, jarduera koaderno, teknologia hezigarri eta gurasoei laguntzeko prestakuntzarekin eta lana egiteko eskola materialarekin.
 
Ta-tum Family: Ta-tum Familyren literatura abentura ikaragarria; ume eta gazteentzako online liburutegi handia. Erakarri egingo zaitu eta adinaren, gaiaren eta hizkuntzaren arabera sailkatutako istorio izugarrien unibertsora eramango zaitu.  
 
Academia de Inventores: Asmatzailea izan nahi duzu? Presta zaitez sormena, ekintzailetza eta dibertsioa zientziaren eta teknologiaren eskutik doazen leku batean sartzeko.

Eta haurrak babestu, prebenitu eta laguntza behar dutenei laguntza emateko, tableta hauek SafeSchoolerako sarbidea dute; Chrome nabigatzailean sartutako teknologia bat da, Anar fundazioko psikologoen talde batera konektatuta dago.
 
Oraintsu, Grupo Edelvivesek eta Samsungek akordio bat sinatu dute, Galaxy Chromebook 2 berria esklusiboki merkaturatzeko.
 
Grupo Edelvivesek hezkuntza eraldatzen du.