X

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu. Nabigatzen jarraituta Cookieak erabiltzeko gure politika onartuko duzu. Ados nago

Ibaizabalek aurkezten du: Luis, itsasoetako abenturazalea

Noiz argitaratua 2019/07/29

Sébastian Perezek idatzitako istorio hunkigarriari bizitza emateko Justine Braxek egin dituen ilustrazio txundigarri eta finek harrituta utziko gaituzte. «Pirata bihotza».
Gure protagonistak, Luisek, atzean utzi du familia, eta pirata bihurtzeko abenturari ekingo dio, aitonaren eta aitaren ereduari jarraituz. Bidean itsasoko izaki mitikoekin eta ezkutatutako altxorrekin topo egingo du. Prest al zaudete aingurak altxatzeko?
 
Piraten kontakizunak literatura unibertsalaren betiko klasikoak dira. Cervantesek Kixoten ere kontatzen du pirata turkiarren esku gatibu zegoen baten istorioa, eta Lope de Vegak poema epikoa idatzi zuen ingelesen gain espainiarrek izandako garaipena eta Drake pirata ospetsuaren heriotza ospatuz. XVIII. mendean, Defoe ospetsu egin zen Robinson Crusoe-rekin. Hala ere, XIX. mendean, sentsibilitate erromantiko berria sortu zenean, bihurtu ziren itsasoetako heroi horiek benetako protagonista: Lord Byronen Kortsarioa ezagutu, eta Espronceda ospetsu egin zen Pirataren abestiarekin. 1881ean, Robert Louis Stevensonek piraten nobeletan nagusi dena argitaratu zuen: Altxorraren uhartea. Ia aldi berean, Salgari oso ospetsu egin zen Kortsario beltza edo Sandokan pertsonaia ezagunekin. Mende aldaketarekin, Conradek Lord Jim argitaratu zuen eta, geroxeago, Peter Pan eta Wendy argitaratu zen, Garfio kapitain kutuna ezagun eginez. Zerrenda luzea izan liteke, eta denborarekin, literaturan haien presentzia murriztu bazen ere, piratak, agertoki berrietan, gaur egun arte abentura liburuetan egon dira.
 
 
Sébastian Perez, edizio honen arduraduna izan dena, pertsonaia mitiko horien zale amorratua da. Beti gustatu izan zaio istorioak irudikatzea, baina inoiz ez zuen pentsatu idazle izaterik. Matematika ikasten hasi zen, baina informatika egiten amaitu zuen, eta bazirudien haren interes guztiak bide zientifikotik zihoazela. 2007an abiatu zuen, ordea, egile ibilbidea. Ilustrazio arloko egile bikainekin kolaboratu du, hala nola Benjamin Lacomberekin: Edelvives Taldean argitaratu du bere lan bikaina eta, gainera, liburu honen zuzendari artistikoa da. Sortzaile frantziarrak sotiltasun handiko testua eraiki du, kontakizun narratibo leunarekin, ipuin klasikoetako espiritua gordeta. Istorioaren alderdi sinbolikoa bilatu nahi du beti. Protagonista heroi erromantikoa da, ausarta, ideal baten alde borroka egiten duena, eta babesgabeen defendatzaile bihurtuko da.
 
Perezen istorio poetikoa Justine Braxen ilustrazio ikusgarriekin lagunduta dator. Marrazkiak benetan adierazkorrak dira, pertsonaien emozioak indartzeko kolorea erabiltzen du, baita irakurlearengan sentimenduak sortzeko ere. Giro magikoak eta iradokitzaileak sortzen ditu; hala, itsasoa eta zeruak bat egiten dute koadro abstraktua balitz bezala. Zeruertz lainotsuek eta zeru izartu erraldoiek dena hartzen dute. Itsasoko paisaiek, batzuetan, Vietnamgo Ha-Long badia ezaguna gogorarazten dute, landaretzaz betetako mendi altuekin, eta haien artean bela koloretsuekin junk ontzi tradizionalak nabigatzen ari direla. Haren iruditeria, bai pertsonaia errealena, bai fikziozkoena, guztiz dekoratiboa da, sirena ederra eta marmoka likatsuak barne. Gure protagonista nagusia ere guztiz apaindua ageri da; motibo geometriko eta apaindurazko motibo finek estaltzen dute haren gorputz osoa, begi handi argiak dituen aurpegia barne. Zalantzarik gabe, Polinesiako tatuaje tradizionalak gogorarazten ditu: antzinako ohitura zen, nerabezaroan hasi eta heldutasunera arte irauten zuena. Larruazalean halakoak izateak nolabaiteko autoritatea eta gainerako komunitatearen errespetua ematen zien.
 
 
Luis, bere zainetako pirata odolaz harro dagoen mutiko ausarta da arrantzale xumeen, izurdeen eta arrain hegalarien istorio zirraragarri hauen protagonista. Egurrezko kutxa txikian gordetzeko altxorren bila dabil, bere itsasontzia olatuen artean kulunka dabilen edo ekaitz ikaragarriek astintzen duten bitartean. Baina, zergatik du beti bihotz uzkur?
 
Murgil zaitez istorio zirraragarri honetan eta gera zaitez liluratuta ilustrazio zoragarriekin!

Honekin zerikusia duten dokumentuak